Faure-ren 'Requiema' abesteko, agertoki handi bihurtuko da berriz Lazkao
Lazkaoko Kantaka eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak, bi bakarlari eta Musikeneko ganbera orkestra ariko dira bihar San Migel elizan. Covid-aren biktimei eskaini diete, omenaldi gisa
Indarrak eta iaiotasunak batu, eta beste behin musika emankizun handia prestatu du Kantaka abesbatzak, Lazkaon. Gabriel Faure konposatzaile frantziarraren (Pamiers, 1845 Paris, 1924) Requiem ospetsua abestuko eta musikatuko dute, beste talde batzuen ekarpenarekin. Kontzertua bihar 20:00etan hasiko da, Lazkaoko San Migel elizan. Sarrera doan da, eta Covid-aren biktimak omentzeko balioko du.
Faurek 1887an konposatu zuen Requiema, haren 48. obra edo opusa. 1892an osatu zuten, bigarren pieza batekin. «Obra oso indartsua da. Requiemak 50 minutu irauten du. Ondoren, Faureren beste pieza bat egingo dugu kontzertua osatzeko: Cantique», aurreratu du Kantakaren zuzendari Javier Alberdik.
Faurerena musika erromantiko inpresionista da, XIX. bukaeraren eta XX. hasieraren kulunkan. «Intimista da, baina une oso ikusgarriak ditu haren musikak. Bakarlarien parteak aise ezagutuko ditu publikoak».
Bi koru eta orkestra
2018ko azaroan, Vivaldiren Gloria interpretatzeko muntaia erraldoia egin zuen Kantakak. Orduan bezainbesteko abesbatza jendetsua ez da elkartuko, baina bihar ere Ormaiztegiko Urmaiz abesbatza gonbidatuko dute; Alberdik zuzentzen du hura ere. Hala, 60 bat laguneko korua izango da ahotsetarako.
Horiekin batera, Julia Blasco sopranoa eta Juan Laboreria baritonoa ariko dira bakarlari moduan, donostiarrak biak.
Orkestrak batek ere joko du, Musikene kontserbatorioko 15 musikarik eta irakaslek osatua. Tartean da Gerardo Rifon donostiar organista. Biolin bakarlaria, harizko orkestra, bi tronpa eta harpa dira beste osagaiak.
Musikazale guztiei Lazkaoko biharko kontzertura joateko deia egin diete.













