Laboral Kutxa Euskadi taldean jarraituko dute Goierriko jubenil askok
Nicolas Alustiza zumarragarra eta Xabier Intxausti segurarra Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldean ariko dira datorren urtean. Ampo-Ikolanen ere badira aldaketak.
Jubenil mailatik jauzi egin, eta amateur kategorian hasiko diren Goierriko ziklistak ari dira, pixkanaka, 2022ko denboraldirako aterpea aurkitzen. 23 urtez azpikoen eta elitekoen Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak aste honetan iragarri du bederatzi fitxaketa egin dituela. Horietatik zortzi, juniorren harrobitik hartu ditu, eta Goierritik zenbait.
Hala, Laboral Kutxak datorren urtean 19 txirrindulariko taldea izango du, guztiak 23 urtez azpikoak. Igoko den bat Nicolas Alustiza zumarragarra da, Bellota-Goierri taldetik joanda. Sasoi ikusgarria ondu du juniorretako azken urtean, eta bost lasterketa irabazi ditu. Horrez gain, 2021eko Gipuzkoako juniorren zerrendako onena izan da.
Ampo-Ikolan Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz eskolak ere ekarpen oparoa egingo dio Laboral Kutxa-Euskadiri. Daniel Casais oñatiarra eta Xabier Intxausti segurarra afizionatu mailan lehiatuko dira.
Guridi eta Ruiz Larramendi
Jon Ander Intxausti profesional ohiak gidatutako Ampo-Ikolan taldeak beste bi ziklista ere hornituko dizkie talde amateurrei. Aratz Guridi beasaindarra Eulen Taldeak hartu du, eta Aimar Ruiz de Larramendi lazkaotarrak Eibar Txirrindulari Taldean egingo du debuta.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzek 2020an galdu zuen amateurretako taldea.













