Araba aldeko gaztagileak nagusitu dira Aratz-Aizkorri parke naturaleko Zegamako lehiaketan
Lehen saria La Lezek jaso du, bigarrena Azkarrak eta hirugarrena Olanok. Jose Mari Uztarrotz omendu dute. Zegamako San Martin ferian, herriko abere lehiaketa ere egin dute.
Zegaman gaur ospatzen ari diren San Martin ferian, Aratz-Aizkorri parke naturaleko 22. gazta txapelketa jokatu da. Araba aldeko artzainek jaso dituzte hiru sariak. Lehenbizikoa, gaztandegia Ilarduian duten La Lezekoek, Eli Gorrotxategi eta Joxemari Jauregi goierritarren eskutik. Bigarren saria Galarretako Azkarrak jaso du, eta hirugarrena SAT Olanok. Bigarren eta hirugarren geratu diren gaztak puntutan berdinduta gelditu dira lehenengo dastaketan, eta kitarako bat egin behar izan dute dastatzaileek bi horiekin.
Pandemiako arauengatik, gaztarik ez dute banatu jendearen artean. Epaimahaian Xabier Orbegozo Arria V.a, Oihane Mateos, Txoriene programako Zigor Iturrieta eta Jaione Mariezkurrena, Seu d’Urgelleko zinegotzi Carme Espuga, Sant Sadurni d’Anoiako alkate Josep Maria Ribas, eta Idiazabal jatorri izendapeneko teknikari Victoria Urresti eta Jesus Agirre aritu dira.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko Kontseiluko presidente urte askoan izen den Jose Mari Uztarrotz uhartearra omendu dute. Euskal makila oparitu dio Zegamako alkate Joseba Izagirrek, eta “bere herria Zegama ere” badela. Ohorezko Agurra dantzari bikote batek dantzatu dio. Alabarekin eta bilobarekin igo da oholtzara Uztarrotz. 22 urtean, gazta lehiaketan laguntzaile izan dutela eskertu diote zegamarrek. “Ahal dena egiten eta ahal dudan ongien egiten saiatu naiz, eta ni pozik nago”, erantzun du Uztarrotzek. Idiazabal Gaztaren alde egindako lanak ere “merezi” izan duela ziurtatu du.
Urtero bezala, Julian Belokik aurkeztu du lehiaketa eta sari emate ekitaldia.
Herriko abere lehiaketako sarituak
Jende aldetik feria animatua izan da San Martinetakoa, Zegaman. Herriko abere erakusketa eta lehiaketa egin dituzte, urteroko ohituran. Bi sari emate ere egin dituzte: Gazte Herexa gazte taldearen saskia, Adur mutikoari egokitu zaiona; eta baserritar jantzi ederrenen lehenengo lehiaketa.
Zegamar hauek jaso dituzte herriko abere lehiaketako lehenengo sariak:
- Ardiak. Ioritz Etxeberria.
- Bildotsak. Irantzu Zubeldia.
- Ahuntzak. Ander Lasa.
- Antxumeak. Ander Lasa.
- Pirinear behiak. Andres Zabaleta.
- Behi mestizoak. Andres Urbizu.
- Behi suitzarrak. Andres Zabaleta.
- Zezenak. Andres Zabaleta.
- Zaldiak. Migel Mari Esnaola.
- Etxe-behorrak. Jabier Arrondo.
- Mendi behorrak. Eneko Otegi.