Indarkeria matxistaren aurkako aldarria ozenagoa izango da
"Haiei ahotsa eman eta altxarazi egin behar dugu gaitz hau mututu arte", azpimarratu du Leire Artola alkateak, Maddi Aiestaran bertsolari beasaindarraren lanari tiraka

Beasainen indarkeria matxistaren aurkako mezua sekula baino ozenago entzungo da. Maddi Aiestaran herriko bertsolariaren mundua ixildu arte altxatuko dugu ahotsa bertsoa izango da aurtengo leloa, denbora luzez indarkeria mota hau bakardadean sufritu eta sufritzen dutenak nabarmentzeko. “Haiei ahotsa eman eta altxarazi egin behar dugu gaitz hau mututu arte”, azpimarratu du Leire Artola alkateak. Alboan izan ditu Oriako Lamiak eta Asmube elkarteetako kideak. Euren laguntza eskertu du.
Amets Arrospide berdintasun zinegotziak nabarmendu du Beasaingo Udalak urte osoan duela indarkeria matxistaren aurkako jarrera. Horregatik antolatu dituzte ekintzak azaroaren 25aren aurretik eta ondoren. “Egitaraua abenduaren 10era arte indartu dugu. Giza eskubideen nazioarteko eguna da eta emakumeen aurkako indarkeriak eskubide horien aurka doa”, lotu ditu bi datak.
Egitaraua:
Egitaraua: |
||
Bihar, 18:30ean | ’35 huts’ antzerkia | Igartzako Jauregian |
Etzidamu, 19:00etan | Elkarretaratzea | Erauskin plazan |
Abenduaren 2an, 18:00etan | Aitana Sanchez-Gijonekin solasaldia | Igartzako Jauregian |
Abenduaren 9an, 18:00etan |
Hitzaldia Silvia Aierraren eskutik | Igartzako Jauregian |
Aitziber Garmendia zaldibiarrak idatzitako humorezko antzezlanak zabalduko du bolada. Heriotzaren, amatasunaren, familiaren eta lanaren inguruko hausnarketa bat da, emakumearen ikuspuntutik.
Ostegunean izango da egun handia. Herritarren Erauskin plazan kontzentratzeko deia egin dute Asmubek, Oriako Lamiakek eta Beasaingo Udalak. Gainera, Igunean puntu moreak eta Maddi Aiestaran bertsolari beasaindarrak idatzitako bertso ilustratuak banatuko dituzte. Ostalariei bertsoak mantel gisa erabiltzea proposatu die Arrospidek.
Datorren astean Sanchez-Gijon aktorea Beasainen izango da, online bada ere. Adinaren inguruan arituko dira hizketan. Sarri salatu du behin 40 urtetik gorako emakumeak baztertu egiten dituztela zinema eta telebista munduan.
Silvia Aierrak, berriz, emakumearen eta artearen inguruko hitzaldia eskainiko du. Emakume sortzaileek euren lana ikustarazteko dituzten zailtasunak eta historian zehar sistematikoki nola izan diren baztertuak azaleraziko du.
Lehiaketa
Eskualdeko ikasleen artean antolatutako Goierrin indarkeria matxistarik ez ikus-entzunezko lehiaketa arrakastatsua izan dela aipatu du Arrospidek. Lanak bidaltzeko epea amaitu da eta epaimahaia lanik onenen bila hasi da orain. Sari banaketa noiz eta non izango den datozen egunetan iragarriko dutela esan du.