Beneditarren Artxiboa Euskariana liburutegi digitalean sartuko da
Euskal kulturaren bilgune izan nahi duen biblioteka aberastuko duen elkargo bat izango da Lazkaokoa. Hasieran, 11.000 kartel digitalizatu jarriko ditu Beneditarren Artxiboak Euskarianan
Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren artxiboko funtsek aberastuko dute Euskariana biblioteka digital berria. Lehengo astean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal kulturari buruzko Interneteko bilgune eta bilatzaile berria. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait erakunde, unibertsitate eta elkargoren ondare katalogoak, artxiboak eta bildumak bateratu dituzte, tartean Lazkaokoa.
Euskal egileek sortutako lanak, EAEn argitaratu den guztia eta munduko beste edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jaso nahi du Euskarianak. Euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukietan «arreta berezia» jarriko dutela aurreratu dute. Liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak, musika-partiturak, argazkiak, material grafikoa, museoetako objektuak eta piezak, ikus-entzunezkoak, nahiz artikuluak kontsulta daitezke bere webgunean (euskariana.euskadi.eus).
Hemeroteka digitalean, adibidez, 209 argitalpenen funtsak daude digitalizatuta.
Lazkaoko kartelak
Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren ekarpena kartelak edo afixak izango dira Euskarianan. Azken informazio-deskribapenak eta zuzenketak egiten ari dira, eta aurki egongo dira irudiak ikusgai. Orain arte katalogatuta dauzkaten 11.000 kartel eskainiko ditu Beneditarren artxiboak, edonoren eskura jarrita.
Etorkizunean, kartel gehiago digitalizatzeko proiektua ere badaukate, eta hemeroteka osoa kontsultagai jartzea ere bada asmoa, luzarora begira.
Euskal Herriaren XX. eta XXI. mendeko historia grafikoaren bilduma aberatsenetakoa Lazkaoko Beneditarren artxiboan dago, Juan Joxe Agirrek 1970eko hamarkadan hasitako bilketa lanaren fruitua. Euskal politikaren eta soziologiaren bilakaera, gertakariak eta eragile nagusiak ikus daitezke. Fundazioaren webgunearen arabera, 22.000 kartel inguru daude, eta beste 25.000 eranskailu edo pegatina.
Fundazioa artxiboan eta bildumetan jarduten da, eta Beneditar Komunitateak bere biblioteka ere badu, aparte. Katalogo kolektiboan kontsulta litezke horko funts batzuk, eta artxiboan bertan eskatutako ikertzaileen esku jartzen dituzte. Fundazioak 10 urte bete ditu aurten.