Badatoz Aizpeara
Mari Domingi eta Olentzero Zeraingo Aizpeako meatze gunean eta Anduetzan izango dira larunbat zein igandean. Ezkio-Itsasoko haur eskolako haurrak ere bisitatuko dituzte larunbatean
Olentzerok eta Mari Domingik ekin diote bidaiari, eta dagoeneko Goierriko haurrak bisitatzen hasi dira. Azaroan hasi zen Olentzero asteburuetan Mirandaolara joaten, eta abenduko lehen asteburutik aurrera Anduetza parketxean ere izan da. Asteburu honetan, larunbatean eta igandean, Zeraingo Aizpeako meatze gunera joango dira Olentzero eta Mari Domingi. Bi zatitan banatu dute jarduera: haurren bisita batetik, eta eskulana eta mokadutxoa, bestetik. Aldez aurretik izena eman behar zen eta aforoa bete da.
Talde bakoitzak emandako ordurako iritsi beharko du Aizpeara. Eraldaketa tailerrean orduerdi inguruko ibilbide gidatu bat egingo dute parte hartzaileek. Ibilbide bukaeran Mari Domingi eta Olentzero aurkituko dituzte haurrek meategi barruan. Bisita amaitzean edo hasi aurretik, nahieran, Zeraingo frontoian eskulanak egiteko aukera izango dute, eta herriko produktuez osatutako mokadutxoa eta edaria eskainiko zaie. Ibilbidearen hasieran zein frontoian egongo den antolakuntzako kideari erreserba izena eman beharko zaio jarduera hasi baino lehen.
Tailerrak elkarrekin
Larunbat arratsaldean Ezkio-Itsasoko herri eskolako haurrekin izango dira Olentzero eta Mari Domingi Ezkioko udaletxeko beheko aretoan. Itsason ez da etorrerarik egongo, baina 17:30ean herriko txokoak apainduko dituzte herritarrek Gabonetako elementuekin.
Legazpin Lenbur Fundazioak antolatutako tailerra izango da. Euskal Burdinaren Museoan hasiko da, ipuin kontaketa batekin. Olentzeroren bila aterako dira gero haurrak burdinola martxan jarri ahal izateko, eta burdinolan bertan amaituko da tailerra. Azarotik dago martxan tailerra, Gabon bezpera arte.
Zegamako Anduetza Parketxean, larunbat eta igandean, talo tailerra izango da. Olentzerorekin solasaldia izango dute umeek, eta ondoren taloa egingo dute Olentzerorekin batera.













