Berez garbitzen diren komunak jarriko dituzte Latxartegin eta Olaberrian
Latxartegikoa instalatzeko lanak aurreko astean hasi ditu ART Erainkuntzak SL enpresak. Komunak Aseos Publicos Ibericos SL enpresak hornituko ditu. Bi hilabetean egongo dira erabilgarri
Latxartegi parkeko komuna instalatzeko lanak hasita daude // Legazpiko Udala Legazpiko Udalak bi komun publiko jarriko ditu Latxartegi parkean eta Olaberrian. Komunak Aseos Publicos Ibericos SL enpresak hornituko ditu, 89.431,10 euroan (BEZ barne), eta instalazio lanak ART Erainkuntzak SL enpresak egingo ditu, bi hilabeteko epean, 36.096,54 euroan (BEZ barne).
Komunak berez garbitzen direnak dira. Latxartegikoa, parkearen eta terrazaren arteko bi mailak gainditzen dituen hormaren ondoan jarriko da, eta bestea, Bikuña industrialdean, espaloian, Motxorroko bidegurutzerako norabidean, Olaberria auzora doan oinezkoentzako zubira iritsi aurretik.
Berez garbitzen direnak
Bi komunak erabilera mistokoak izango dira, bi pixatoki izango dituzte kanpoan eta irisgarriak izango dira desgaitasuna duten pertsonentzat, indarrean dagoen irisgarritasun araudia betez. Eserlekua, komunaren barrualdea, zorua eta kanpoko pixatokiak garbitzeko eta desinfektatzeko sistema automatizatua izango dute. Segurtasuneko sarraila bidez irekiko dira eta, barruan norbait harrapatuta geratzen bada, atea kanpotik desblokeatzeko sistema izango dute.
Mantimendu lanak ere komunak hornituko dituen Aseos Publicos Ibericos enpresak egingo ditu, urteko 1.016,40 euroren truke (BEZ barne). Kontratua bi urterako izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Latxartegiko komunaren instalazio lanak aste honetan hasi ditu ART Erainkuntzak enpresak. Zolata prestatu, edateko ura instalatu, euri uren eta ur beltzen saneamendua eta instalazio elektrikoa prestatu beharko ditu, otsailean komuna jarri aurretik.













