Abiadura neurketaren emaitzak «kezkagarriak» dira udalarentzat
Hamar ibilgailutik zortzik gainditzen dute 30 kilometro orduko muga. Ezkiaga auzoan are gutxiago errespetatzen da gehieneko abiadura hori. Radar pedagogikoak jarriko dituzte.
Beasainen egindako abiadura neurketen emaitzak «kezkagarriak» dira udalarentzat. Izan ere, neurtu ziren 4.000 joan-etorrietatik 660 «bakarrik» zihoazen baimendutako mugen barruan. Hamar gidaritik zortzik azkarregi gidatzen dute, beste era batera esanda. Ezkiaga auzoan datua are okerragoa da, bertan egindako neurketen %91,5etan gainditu baitzen 30 kilometro orduko abiadura muga.
Udalak gogorarazi du Beasain 30 hiria dela. Hau da, herri barruko gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa dela; 20, galtzadako eta espaloiko plataforma bakarreko bideetan.
Gidariak mugez jabetu daitezen eta baimendutako gehieneko abiaduraren azpitik ibili daitezen bi radar pedagogiko jarriko dituzte udalerriko sarrera-irteeratan: bata, Igartza Oleta kalean eta bestea Ezkiaga Etorbidean. «Guztion hobe beharrez» hartutako erabakia dela zehaztu dute. Radarrok ez dute isunik jarriko, baino azkarregi doazenei frenatzeko deia egingo diete, mugara egokitu arte.
Neurketa hauek egiterakoan ere ez dute isunik jarri. Soilik, kasu larrienetan. Hau da, 60 kilometro orduko baino azkarrago zihoazen kasuetan. Izan ere, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako hainbat ikerketen arabera abiadura horretan inor harrapatuz gero ez dago bizirik irteteko aukerarik. Abiadura zenbat eta motelagoa izan hilkortasun tasa txikiagoa da. 30 km/h-ko abiadura, esaterako, hilkortasun tasa hamar aldiz txikiagoa da. Horregatik erabaki zuen Madrilgo gobernuak herri barruko abiadura mugak murriztea maiatzean.
Kutsadura ere, gutxiago
Osasunaren Mundu Erakundeak ere babesten du abiadura gutxitzeko neurria. Istripuak arinagoak izateaz gain, ibilgailuek igortzen dituzten gas toxikoak gutxiago direlako. Beasaingo Udalak 30 hiriarekin udalerri «erosoago, seguruago, bizigarriago eta herritarren beharretara egokituagoa» izango dela defendatu du.
Dolarea parkeko zebra-bidea, nabarmenago
Dolarea parkeko Igartza Oletako sarrera-irteeran dagoen oinezkoen pasabidea are gehiago nabarmendu du udalak. Zebrabidea ohartarazten duen seinaleari argi keinukariak gehitu dizkiote.
Barearen arrasto sigi-sagatsuek zebra-bidea lausotu egiten dute. Gidariek oinezkoren bat errepidea gurutzatzeko asmotan ikusten badute argi dute gelditu egin behar dutela. Kontuz gidatzeko eskatu dute.













