Azken hormigoiztatzea falta da Mikelarren kale-lanak bukatzeko
Izozteek atzeratu egin dute obraren azken fasea; inprimatutako hormigoi geruza botatzea bakarrik falta da.
Eguraldia noiz berotuko zain daude Lazkaoko Mikelar kaleko hiritartze lanak bukatu ahal izateko. Inprimatutako hormigoi geruza bat botatzea bakarrik falta da auzuneko barruko kalexketan, baina azken asteetako izozteek eragotzi dute obrak lehenago bukatzea. Izan ere, hormigoiak lau egun behar ditu gogortzeko, tenperatura zeropetik behera jaitsi gabe.
Gainerako egitekoak bukatuta daude. Azpiegitura berritu dute eremuan, eta zoru berria bota da. Kiroldegi aldetik ikastolaren aldamenean doan kalean asfaltatze lanak lehengo astean egin zituzten. Horrekin batera, Iturgaitzagako aparkalekua berritzeko ere aprobetxatu zuen udalak, Lazkaomendiko biribilgunearen barreneko eremuan.
Espaloiak zabalduta
Mikelarren, 1, 2, 6 eta 7 zenbakidun atarien parean falta da inprimatutako hormigoia bota eta zorua berritzea. Espaloiak bi metroko zabaleraraino handitu dira. Lurpeko ur-hornidura, saneamendu eta argiteria azpiegiturak ere berritu dituzte. Mugikortasuna eta irisgarritasuna «nabarmen» hobetuko dela azaldu du udalak.
Lanen aurrekontua 143.277,51 eurokoa da, eta Sasoi Eraikuntzak etxea ari da egiten.













