Lan erreformaren aurkako elkarretaratze ugari egin dituzte
Euskal gehiengo sindikalak dio proposamenak ez dituela egungo legediaren elementu kaltegarrienei buelta ematen. Bihar bozkatuko da, Madrilgo diputatuen kongresuan.
Lan erreformari ezetz esateko elkarretaratzeak egin dituzte Goierriko hainbat plazetan eta lantoki atarietan, euskal sindikatuen gehiengoak deituta. Kexu dira erreformak ez dituela egungo araudiaren elementu kaltegarrienak baliogabetzen. “Espainiako gobernuak, CCOOk, UGTk eta EEEKk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012
urteen arteko lan erreformen hezurdura mantentzen dute. Langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte”.
“Oso larria” dela diote. “CEOEri beto eskubidea eman diote, hobekuntza txiki batzuen truke 2012ko lan erreforma berriro ere konbalidatu dadin, hemendik aurrera sakoneko aldaketak egiteko aukerari muzin eginez“.
“Bereziki” bi elementuk kezkatzen dituzte: “Batetik, negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzen dute eta ez diote segurtasun juridikorik eman EAE zein Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenei”. Horri lotuta, azpimarratu dute erabakia Madrilen hartzeak erakusten duela Gasteizko eta Iruñeako gobernuek dituzten mugak; “Bestetik, langileen kaleratze prozedurak ez dituzte aldatu”, salatu dute. “Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da eta horregatik ezarri dio patronalak betoa honen aldaketari”, zehaztu dute.
Azpikontratatuek enpresa nagusiko langileek dituzten eskubide berberak izatea ere ez du jasotzen proiektuak. Sindikatuentzat “oinarrizkoa” da berdintasun hori.
Euskal Herritik, baldintzak
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari “ikusle soila” izateari utzi eta lanean hasteko dei egin diete. Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman “beharra” dagoela esan dute. “Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Madrilen”.
Diputatuen kongresuan bozkatuko da proposamena, bihar. Gobernuak aurrera aterako dela argi duela dioen arren, oposizioaren zati baten laguntza behar du. EAJk eta EH Bilduk ezezkoa bozkatuko dute erkidegoetako lan itunak estatukoen mende uzten baditu dekretuak,orain jasoa dagoen moduan. Are, EH Bilduk kaleratzeen araudia ere al-
datzeko eskatzen du. Proposamena aldatzen bada Espainiako beste alderdi txiki batzuen babesa galduko luke Alderdi Sozialistak.














