Langile bat hil da Olaberriako Arcelor lantegiaren atarian ezbeharra izan eta gero
LAB sindikatuak salatu du lan istripua dela, eta ezin dela 'in itinere' bezala sailkatu, zuzendaritzak iradoki duen moduan.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Arcelor Olaberriako emakume langile bat hil da, lantegi aurrean ezbeharra izan eta gero. Atzo gertatu zen istripua, 21:30ean, lantokitik ateratzen ari zela auto batek harrapatuta. Larriki zaurituta eraman zuten ospitalera, eta gaur goizean hil da.
Era berean, “informazioa lantokiko delegatu eta afiliatuei esker” lortu dutela salatu dute, izan ere, “ez Osalanek ez patronalak ere ez du inongo informaziorik eskaini”. Informazio horien arabera, langilea parkinera zihoan oinez, lanetik atera berritan, eta errepidea zeharkatzen duen zebrabidean harrapatu zuen auto batek. Sindikatuaren arabera, “Arcelor Olaberriako langileek parking publiko bat erabiltzen dute autoa uzteko, eta handik lantokira joateko autobide azpian espreski eginiko oinezkoen pasabidea erabiltzen dute lanpostura sartzeko”.
Patronalak ‘in-itinere’ istripu bezala sailkatzea iradoki badu ere, “ezin dugu inolaz onartu, nahiz eta eremu publikoan gertatu den, egunero errepikatzen den ohiko ibilbidea delako, aparkalekua enpresarena izango balitz bezala”. Gainera, LABen esanetan enpresak ezagutzen zituen lehendik pasabide horren arriskuak eta argiztapen eza. Enpresak, bai arrisku ebaluaketan eta bai mugikortasun planean “arrisku horien identifikatuta” izan beharko lituzkeela azaldu du, eta aldundiarekin eta udalarekin elkarlanean neurri prebentiboak aplikatu.
Hala, administrazio publikoei ere egin diete deia, ezbehar hau “lan istripu bezala ikertu dezaten, eta ez ‘in itinere’ bezala”.
Familiari elkartasuna
LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi izan die langilearen senideei, gertukoei eta lankideei. Euskal Herrian lanak eragindako seigarren heriotza dela gogorarazi dute. Era berean, datozen orduetan “langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan” parte hartzeko deia egin dute.













