Zeraingo Udalak 985.296,72 euroko aurrekontua onartu du
Aurtengo proiektu nagusiak herriko argiteria berritzea eta Errementariko eraikina konpontzea izango dira. Aizpitako labeetako lanak apirila hasieran amaituta egotea aurreikusi dute
Zeraingo Udalak 2022ko udal aurrekontua onartu du, aurreko ostiraleko osoko bilkuran. 985.296,72 euroko aurrekontua izango du udalak aurten. Bi proiektu nagusi izango dituzte: batetik, Errementari etxeko obrak gauzatuko dituzte, eta bestetik, herriko argiteria sistema berrituko dute. Aizpitako labeetako lanak bukatzear daude, eta urte honetan Interpretazio Zentroko instalakuntzak ere berrituko dituzte.
Errementari etxeko proiektuak eta obrak 350.000 euroko gastua izango du, eta horretarako 220.000 euroko mailegua bideratuko du udalak. Bi zatitan banatuko dute Errementari etxearen erabilera: goiko solairuan aniztasun gela jarriko dute, antzerkiak, bilerak, dantzak eta bestelakoak egin ahal izateko; eta beheko solairuan, berriz, medikuaren kontsulta egongo da.
Medikua Errementarin
«Pandemian, urrira arte, medikuaren kontsulta itxita izan dugu ez genituelako irizpideak betetzen, eta Mutiloara joan behar izaten zuten herritarrek», azaldu du Amaia Junquera alkateak. Irizpideetako bat da kalerako sarrera propioa izan behar duela kontsultak. Orain irekita dago berriz ere, kultur etxean. Arazorik ez izateko, Errementariko behealdea baliatuko dute mediku kontsulta kokatzeko.
Herriko argiteria berritzeak 78.000 euroko gastua izango du eta 76.000 euroko sarrera izango du udalak energia trantsizioaren ministeriotik. «Orain daukagun argiteria instalazioa oso zaharra da eta aldaketa behar du».
Labeak apirilerako
Azken urteko proiektu nagusia Aizpitako labeetako lanak izan dira. Lanak amaitzear daude eta apirila hasierarako prest egotea aurreikusi dute. «Urbanizazioa falta da». Interpretazio gunea berritzeko diru laguntza eskatu du udalak aurten. 55.146 euroko partida gorde dute museoko lanetarako.













