Mikel Otegi larri gaixo dagoen euskal presoa aske utz dezatela eskatzeko giza-katea
Biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote Otegiri. Lehendik ere larri gaixo dauden euskal presoen zerrendan dago itsasondoarra.
Mikel Otegi larri gaixo dagoen euskal preso itsasondoarra aske utz dezatela eskatzeko giza katea egingo dute larunbatean, Goierrialdeko Sarek deituta. Itsasondoko plazatik 12:30ean abiatuko dira. Ordiziako Plaza Nagusian amaituko dute, komunikatu baten irakurketarekin.
Aste honetan Etxeratek jakinarazi duenez, biriketako tuberkulosia detektatu diote Otegiri, eta Iruñako ospitalean dago. Etxeratek eskatu du aske uzteko. Lehendik ere larri gaixo dauden euskal presoen zerrendan dago itsasondoarra.
Goierrialdeko Sarek ere, bat egin du Etxeratek egin duen eskaerarekin, eta aste honetan, egunero-egunero elkarretaratzeak egin dituzte Itsasondoko plazan. Gaur eta bihar ere egingo dute protesta, 19:00etatik aurrera. Egunero egiten ari diren elkarretaratzeez gain, larunbaterako deialdi berezia egin dute. Otegiren askatasuna eskatzeko giza katean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.