Zaldibian plaza diseinatzeko lanari ekingo diote, arloka ideiak jasota
Bost tailer edo hitzaldi sorta antolatu dituzte, esparru zaurgarrienetatik herriko plazari ezaugarriak emateko. Zaintzaren gaia jorratuko dute lehenik, gaur eta larunbatean
Zaldibian hirigintza arloan zeuzkaten egitasmo nagusietan azkenari heltzera doaz. Udaletxe berria eraiki, zaharra bota eta haren orubea egokitu ondoren, plaza-eremu osoa berritzeko eta berrantolatzeko lanarekin hasi nahi udalak. Diseinurako, herritarren parte-hartzea eskatu eta bideratu dute, Ertzetik erdira deituriko prozesuan hainbat sektoreren ekarpenak jasotzeko.
Hitzaldi edo tailer eran antolatu dute lanketa. «Egunero erabiltzen dugun espazioa eta ingurua begirada berriarekin irakurri, eta zentzumenen bitartez ulertu, sentitu eta ikasteko» izango da egitaraua. Bost gai edo esparru desberdinetatik aztertuko dute plazaren eraberrikuntza.
Bost tailer ekainera arte
Lehenbiziko tailer sorta gaur eta larunbatean gauzatuko dute, Zaintzaren herrigintza izenburuarekin. Zaintzaren politikaz, ekonomiaz eta, gehien bat, arkitekturaz eta espazioez ariko dira. Gaur, Irati Mogollon soziologoak hitzaldia egingo du, 19:00etan udaletxeko aretoan. Larunbatean, 10:00etan, tailerra egingo dute, leku berean. Herritar guztientzat irekitakoak dira.
Ondoren, hilero arlo bana landuz jarraituko dute. Martxoan Hirigintza feminista gaiari helduko diote, genero ikuspegitik sortutako espazioez. Apirilean, Herri hezitzailea lelopean, inguruak nola hezten duen jorratuko dute; maiatzean Osasun komuna; eta ekainean Espazio burujabeak dira gaiak.
Azkenik, uztailaren 9tik 15era arkitekturako ikasleekin udako ikastaroak egitea da asmoa, jardunaldi bereziak antolatuta.













