CAFi Israelgo proiektuak epe luzera kalte egingo diola ohartarazi du BDZek
'CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik' kanpainak bi urte bete ditu. Proiektuak zutik jarraitu arren, errefusa «inoiz baino handiagoa» dela diote. Goierritarren presioa, gakoa
Boikotak, desinbertsioak eta zigorrak (BDZ) kolektiboak elkarretaratzea egin zuen CAFeko atarian atzo arratsaldean, CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik kanpaina abiatu zutela bi urte bete zirenean. Urteurren gazi-gozoa izan zen. CAFeko zuzendaritzak Jerusalemgo tren arinaren proiektuari uko egin ez diolako, baina BDZeko arduradunen esanetan egitasmoaren aurkako hotsak «inoiz baino indartsuago» entzuten dira. Datorren urtean protestarako elkartu beharrik ez izatea eskatu zuten. Horretarako, 2022an proiektuaren aurkako iritzi korronte «zabala» antolatu beharko dutela azpimarratu zuten, «Europan eta nazioartean. Baina batez ere, Goierrin».
CAFeko zuzendaritzarekin batzartu nahi zuten, baina hauek ez zieten erantzun. Gainera, protesta egiterakoan enpresako ate nagusia itxi egin zieten. Mezua iristen zaiela eta deseroso sentiarazten dituela pentsatu nahi izan zuten.
CAFeko zuzendaritzari gogorarazi zioten tren arinak legez kanpokoak diren koloniak lotuko dituela. Beasaingo multinazionala «konplize» bilakatuko dela ohartarazi zuten, eta asmoei eusten badiote arazo etikoak, juridikoak eta ekonomikoak izan ditzakeela. Nabarmendu zuten hainbat eragile akademikok, sozialek eta juridikok eskatu dutela CAF Israelen okupaziotik eta legez kanpoko kolonietatik irabaziak lortzen dituzten enpresen Nazio Batuen zerrendan sartzeko. Proiektuan CAFen bazkide den Shapir eraikuntza enpresa jada zerrendaren parte da. Jerusalemgo tranbiak Tel Avivekoa ekarri du. Zenbat uxatuko ditu? galdetzen zuen protestan zehar erakutsi zuten kartelak.
CAFeko langile batzordeak 2019ko urtarrilean bat egin zuen aldarriarekin eta zuzendaritzari proiektutik irteteko eskatu zion.
Nazioarteko eskaria
BDZ kolektiboak munduko txoko askotan ditu adarrak. Horrek aldarriari izaera internazionala eman dio: Frantziako, Norvegiako edo Erresuma Batuko taldeek tokian tokiko agintariei eta enpresei eskatu diete CAFekin tratuak eteteko eta berriak ez egiteko. Ameriketan ere izan dira protestak. Palestinan bertan baita ere. Esaterako, hainbat aktibista israeldarrek tranbiako lineen obrak sabotatu zituzten.