Herri hezitzaileen sarea ehuntzen
Oinherri elkartearekin hitzarmena sinatu du Legorretako Udalak. Elkartearen helburua herri hezitzaileen filosofia txertatzea da; umeak eta nerabeak eskubide osoko pertsonatzat hartzea.
Herri bat eraikitzeko eredu bat da, hezkuntza erdigunean jarrita egitea; herria heziz, herria egitea eta herri izatea. Bide horretan dago Legorreta; Oinherri elkartearekin hitzarmena sinatu berri du, hariak josiz, beste eredu baterantz sareak ehuntzeko helburu garbiarekin.
Oinherri 2012an sortu zuten hezkuntzan eta umeen aisialdian dabiltzan hainbat elkartek, eta herri hezitzaileen filosofia txertatzea du helburu. Legorretarekin, 29 izango dira sare horretan sartzea erabaki duten herriak. Herri hezitzailearen esanahia da, «umeak eta nerabeak ere eskubide osoko pertsonatzat hartzea», eta, beraz, «herrian parte hartzeko bideak zabaltzea». Bide horretan, formazioa eta aholkularitza emango dizkie Oinherrik udalari eta herriko eragileei. Legorreta 2030 plan estrategikoan ere lehentasunezkoa da, «haurren eta nerabeen heziketaren ardura herri osoak hartzea». Herri hezitzailea hiru zutabetan egituratzea da Oinherri: eskola, udala eta herrigintza.
Parte hartze prozesua
Hain justu, Legorretako umeen eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko asmoarekin, prozesu batean da udala, Arremanitz kooperatibaren eskutik. Helburua da «oinarri batzuk jartzea umeen eta nerabeen parte-hartze egonkorra bultzatzeko, bai udalean, bai herriko eragileetan, eta gaur egun umeek eta gaztetxoek dituzten iritziak jasotzea».
Batetik, 9-18 urteko herritarren iritziak jasoko dituzte: herritar horiek nola ikusten duten Legorreta, eta zer iritzi duten aisialdiaz eta parte-hartzeaz.
Bestetik, udalarekin eta eragileekin lana dago; umeen eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko zer neurri hartu erabakitzeko.
Prozesu horren bidez, beraz, herri hezitzaileen kultura txertatu nahi da, baina ez udalean bakarrik, baita herriko eragileen artean ere, eta gaur egun Legorretako umeek eta gaztetxoek zer premia dituzten jakin, horiei modu egokienean eta eraginkorrenean erantzun ahal izateko.