Izeba proiektua aurkeztu dute gaur Seguran
Familiarengandik bereizita eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden adingabeen izeba-osaba bezala aritzea onartzen duten familien edo pertsonen sarea da, "zubiak eraikitzeko".
Baketik Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Segurako Udalarekin elkarlanean, Izeba proiektua aurkeztu du gaur Segurako kultur etxean, 18:30ean. Arrazoi ezberdinengatik jatorrizko familiarengandik bereizita eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden adingabeen izeba-osaba bezala aritzea onartzen duten familien edo pertsonen sarea da Izeba proiektua. «Zubiak eraikitzeko» ekimena dela azaldu du Maite Aseginolaza proiektuko arduradunak.
Tutoretzapeko adingabeek ezin dute familiarekin bizi arrazoi ezberdinak direla eta, ez dagoelako hemen, ez daukatelako, edo familiak momentuan ez daukalako gaitasunik. Pisuetan bizi dira eta hezitzaileak dauzkate, baina ez daukate familia baten babesik. Seguran ere badago harrera egoitza. Izeba proiektuaren bidez, boluntarioak gazteekin harremanetan jarri eta planak egiten dituzte. «Tutoretza Aldundiak dauka, baina bazkariak, asteburuko planak…egin ditzakete boluntarioekin».
Aseginolazak azaldu duenez, bi arlo lantzen dituzte: «afektibotasuna», batetik, eta «harreman sozialak», bestetik. Azken horri lotuta, eta Segurako harrera egoitzaren kasuan, atzerritarrak dira nerabe guztiak eta ez dute hizkuntza menperatzen, oztopoa izan daitekeena harremanetarako. «Kulturalki oso ezberdina da, ez dituzte ohiturak eta moduak ezagutzen, eta sare sozial bat eraikitzen laguntzea oso garrantzitsua da haientzat». Adin bereko gazteak ezagutzeaz gain, «herritarren, boluntarioen eta adingabeen artean zubiak eraikitzeko eta ohiturak ezagutarazteko» baliagarria da Izeba proiektua.
Boluntario izateko
«Segura eta inguruetan proiektuan parte hartzeko boluntarioak behar» direnez, denbora librea ahultasun egoeran dauden adingabeekin konpartitu nahi duten herritarrak deitu dituzte parte hartzera, seme-alabak izan ala ez. Baketik fundazioarekin harremanetan jarrita eman daiteke izena, www.baketik.org helbide elektronikora idatzi edo 943 25 10 05 telefonora deituta.