Kaskoko bi proiekturekin, inoizko aurrekontu handiena du Olaberriak
Erabilera anitzeko aretoa hastearekin batera, Zezilionea ostatuko isolamendua berritu nahi ditu udalak 2022an. 3,5 milioiko aurrekontua onartu du denera, inbertsioetarako 2
Finantza egoeraren aldeko haizeak baliatuko ditu Olaberriko Udalak 2022an, sekula izan duen aurrekontu haziena onartzeko. Abenduan onartu zuen diru txostena udalbatzak, eta ostiralean behin betiko onespenarekin kontsolidatuta geratu zen.
Guztira, 3.498.500 euro edukiko ditu Olaberriko Udalak aurtengo. «Aurrekontu potolo samarra da, herri txikia izateko. Aurreko urteetatik igo egin dugu, inbertsioetarako diru sarrera apartekoak espero ditugulako eta diru-mugarik ere ez genuelako aurten. Gerakina ere hazten joan gara azken urteetan; udalaren lana ez da aurrezkia, ahal den gehiena eta ondoena herritarren onurarako kudeatzea baizik. Horregatik, ez dugu beldurrik izan hazteko», azaldu eta arrazoitu du igoera Olaberriko alkate Jokin Garmendiak.
Inbertsio handi horiek erabilera anitzeko aretoa eraikitzen hastea, eta Zezilionea ostatuko eraikinaren kanpoaldeko isolamendu guztia berritzea izango dira. Bien artean, bi milioi euro inguru da.
Bata bestearekin lotu ditu alkateak: «Herrigunea txukuntzeko helburuarekin helduko diegu bi proiektu horiei». Teknikoki ere lotura edukiko dute: erabilera anitzeko aretoko geotermia erabiliko dute Zezilioneko berogailu sistema berrirako.
Zezilionean etxea energetikoki hobetzea da proiektu nagusia. Fatxada guztian eta teilatuan isolamendua jarriko dute. Berogailu sistema aldatu, logeletako klimatizazio eta aireztapena jarri, eta komun pare batzuk ere berrituko dituzte. «Barrukoa baino obra handiagoa kanpotik izango da», dio Garmendiak.
Bi obrak jarraian
Eperik eta hasteko datarik ez du ipini udalak oraindik. «Erabilera anitzeko lokalarekin ari gara orain buru-belarri. Prozesu luzea izango da, eraikin berezia izango delako. Jarraian egingo ditugu bi lanak».
Zezilionea 1999an inauguratu zuten, eta ordutik asko aldatu diren energia ikuspuntu eta beharretara egokituko dute.
Bestetik, Ihurreko kirol guneko frontoia ere berrituko dute aurten: zorua, hormak eta teilatua. Udan erabiltzen da batez ere frontoia, eta, berrituta, neguan ere erabilgarri egotea nahi dute. Ihurren, kaleko obrak bukatzea ere aurten espero du udalak.
Kirol esparruan jarraituz, herrigunean gimnasioa egokituko dute. Bikarioetxeko azpialdean kokatuko dute, autogestio moduan irekitzeko moduan.
Beste zenbait ekinbide
Hilerrian 1990eko hamarkadako ehorzketa eremua birmoldatzen hasiko da udala, aurten. Gorpuzkiak atera, eta alde hori txukunduko dute. Aurrera begira, errautsak gordetzeko kolunbarioak kokatzeko tokia prestatzea da helburua.
Udaletxean, ganbarari erabilera handiagoa emate aldera, eta behetik berotasuna ez galtzeko, beirazko zoru gardenarekin itxiko dute barne-patioa.