Mugikortasun berria eta hidrogenoa sektore estrategikoak izango dira
Goierri Valley elkarteak 2022 ekitaldirako 817.978 euroko aurrekontua onartu du. Digitalizazioa, 4.0. teknologia, ongizatea eta kudeaketa proiektuak ere sustatuko ditu
Goierri Valley aliantzak, 2022 ekitaldirako kudeaketa plana eta 817.978,37 euroko aurrekontua onartu du ezohiko batzar orokorrean, Goierriko ehun industrialaren lehiakortasunean lagunduko duena. Horrez gain, Hine Group enpresa bazkidearen begirada estrategikoa ezagutzeko jardunaldia antolatu zuen, sektorearen ikuspegia, enpresaren egoera eta hornitzaileekiko aurreikuspenak partekatzeko.
Goierri Valleyk «gogotsu» ekin dio 2022 urteari. Ez da edonolako urtea elkartearentzat. Kudeaketa plan «anbiziotsua» jarri du abian, eta bosgarren urteurrena beteko du aurten, besteak beste.
Lau proiektu ardatz
2022 urtean Traktora eta ETEen hobekuntzan «funtsezkoak» izango diren arlo desberdinetako proiektuak antolatuko ditu Goierri Valley-k. Bide horretan, lau proiektu nabarmendu ditu.
Proiektuetako bat da, Goierriko enpresen digitalizazio prozesuan bultzada ematea, Digitaliza Goierri proiektuarekin. Eskualdeko zortzi ETE-ek parte hartuko dute ekimen honetan, eta helburua da, enpresen eraldaketa digitaleko prozesua bizkortzea. Orain arte jasotako esperientziaren arabera, «sei hilabete baino gutxiagoan» eman daiteke, aurretik «probatutako metodologien bidez».
Goierri Valleyk bultzatuko duen beste proiektu bat izango da, 4.0 teknologia; hain zuzen ere, 4.0 teknologia eskualdeko enpresen esku-eskura jarriko duena. Horretarako, bi proiektu landuko dituzte: alde batetik, 4.0 teknologiak izango duen espazio fisikoa sortu nahi da, enpresek bertatik bertara esperimenta ditzaten teknologia hauek eskaintzen dituzten aukerak. Gainera, teknologien hurbilketa hori osatzeko, sentsibilizazio-jardunaldiak, trebakuntza-saioak, bisitak eta abar antolatzea aurreikusten da; bestetik, inguruko enpresen 4.0 praktika onen katalogoa egingo da, teknologia horiek ematen dituzten aukeren informazioa partekatzeko.
Beste proiektu bat izango da, Organizaciones Agiles deitu dutena. Helburua da mundu konplexu eta aldakorrean pertsonatzeko eta erantzuteko modua duten enpresak sortzea, egokitzapena, berrikuntza eta ikasketa sustatuz.
Eta laugarren proiektuak, pertsonekin du lotura, Ongizate enpresekin. Goierri Valleyrentzat, «pertsonen esparrua kritikoa da enpresentzat, eta COVID-19aren pandemiak sortutako osasun-ekonomia-gizarte krisiak paradigma aldaketaren aurrean enpresak osatzen dituzten pertsonen ongizate maila neurtzeko beharra ikusi da». Horregatik, pauso bat harago joan nahi dute, eta enpresetako pertsona guztien ongizate maila neurtzeko Ongizate enpresak proiektua martxan jarriko dute.
Sektore estrategikoak
Goierri Valleyrentzat ardatz diren lau proiektu horietan indarrak jartzeaz gain, mugikortasun berriaren eta hidrogenoaren sektoreetan ere zentratuko da, estrategikotzat dituelako.
Bada, elkarteak enpresa txiki eta ertainen eraldaketa bultzatzea du helburu, espezializazio handiko negozio-nitxoetara bideratuz. Sektore honek Gipuzkoarentzat duen pisua, eta Goierrik izango duen protagonismo berezia nabarmendu ditu. «Mugikortasun berria sektorea aukera bat da, hala erakusten dute 2030 Garapen Jasangarriko Estrategiak, Next Generation programak, Basque Green Deal ereduak eta Mubil Estrategiak, besteak beste».
Mugikortasun berriaren markoan, Goierri Valleyk hidrogenoaren balio katearen azterketa egin eta laburpen txostena jaso du. Hidrogeno Mahaia ere jarri zen martxan. Goierri Valleyk aurten Mahai honi jarraipena egingo dio eta sektorean identifikatzen den negozio aukera orori jarraipena egingo dio.
Aipatzekoa da baita ere, nazioartean presentzia izango duela Goierri Valleyk 2022an, Txileko bulego batekin Transbiaga enpresa bazkidearen eskutik.