Segurako Udalak aho batez onartu du 2022 urterako aurrekontua
2.128.000 eurokoa izango da aurrekontua. Lardizabal Jauregia berreskuratzeko obra egingo dute. Osasun etxeko zein Txanbolinpeko fatxadak ere berritzeko asmoa du aurten udalak
Segurako Udalak aho batez onartu du aurtengo udal aurrekontua, 2.128.000 eurokoa. Lardizabal Jauregian egingo duten obra izango da proiektu nagusia. Jauregia berreskuratzeko lanak egingo dituzte, Europako funtsetatik lortutako 400.000 euroko diru laguntzarekin. Bi urte iraungo dute lanek, diru laguntza jasotzen duten momentutik hasita. Efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna dira lanen muinak. Eraikina aislatu, berotze eta argitze sistemak aldatu eta irisgarria izateko konponketak egingo dituzte. Azken solairuan dagoen udal artxiboa beheko solairura mugituko dute daukan pisu handiagatik eraikinari kalte egiten ari da eta.
Baserri bideetan ere egingo dituzte konponketa lanak, eta osasun etxeko eta Txanbolinpeko fatxadak berrituko dituzte 2022 urte honetan. Diru laguntzen bidez, herriko hainbat farola aldatuko dituzte. Beste administrari bat ere kontratatuko dute lanaldi erdian eta 2016 aurretik dauden behin-behineko lanpostuak finkatzeko prozedura ere martxan jarriko dute, 20/2021 Legeari jarraituz.
Arlo sozialari dagokionean, gazteek etxebizitzaren inguruan dituzten beharrei buruzko inkesta zabaldu du udalak, etorkizunean etxebizitza politika eraginkorra diseinatzeko. Horri lotuta, 65 urtetik gorakoei zuzendutako beste inkesta bat bideratuko dute, etxebizitzaz gain, herriko zerbitzuen inguruan galdetu eta beraien beharrak ere ezagutzeko.
Protokoloa martxan
Oinherrirekin eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, gaztelekuari buelta bat eman eta martxan jarriko dute, eta parekidetasuna sustatzeko, hezkidetza proiektuak ere landuko dituzte nerabeekin. Emakumeen indarkeriaren kontrako protokoloa ere garatuko du udalak.
Gimnasioa uda aurretik
Kirol instalakuntzei dagokienez, futbol zelai ondoan dagoen tenis pista egokituko da. Gimnasioa udarako erabilgarri egotea aurreikusi dute. Duela bi hilabete inguru hasi ziren gimnasioko egokitzapen lanekin, eta amaitzear daude. Ondoren, zerbitzua zein enpresari esleitu erabakiko dute zerbitzua abiarazteko.