Ataungo Gaztelekua etzi irekiko dute berriz, ardura gazte talde batek hartuta
Aisialdiko zerbitzua eskainiko diete ostiraletan eta larunbatetan 12-17 urte bitarteko gaztetxoei. Gazte talde batek gidatuko du programazioa, ekainera arte. Formula zabaldu nahi du udalak
Iazko irailetik itxita egon ondoren, Ataungo Gaztelekuak larunbatean irekiko ditu berriz ateak. San Martin auzoan dauka lokala, eta udalaren zerbitzu horretan 12-17 urte artekoentzat asteburuetako aisialdia emango du, printzipioz ekainera arte.
Aurretik ibili zen koordinatzaileak utzi ondoren, Gaztelekuaren zerbitzua emateko formula aldatu du udalak. Ataungo Artadi elkarteko gazte talde bat izango da gidari. 20-25 bitarteko hiru lagunek eramango dute koordinazioa, eta begirale modura lagun gehiago ibiliko dira. Begirale titulua daukatenak edo ateratzen ari direnak dira, eta eurek landuko dute gaztetxoentzako aisia programa.
35 neska-mutil prest
Harrera beroa izan du 12-17 urte arteko gaztetxoengan Gaztelekuaren berrirekierak. Bilera batzuk egin dituzte dagoeneko, adinka banatuta, erabiltzaileen nahiak jaso, ekarpenak osatu eta ekainera arteko egitaraua prestatzen hasteko. 35 lagunek hartu dute parte, Gaztelekuaren erabiltzaile izan daitezkeenak.
Berrirekiera asteburu honetan egingo dute, larunbatean. Aurrerantzean ere astebukaeretan egongo da Gaztelekua erabilgarri; ostiraletan eta larunbatetan irekiko da, 16:30etik 19:30era.
Gaztetxoen aisialdian, Idiazabalen garatu duten ekinbidea hartu du eredutzat Ataunek. Han Xapobixi elkartea arduratzen da gaztelekuaz —baita udako udaleku irekiez ere—.
Formula hori adinekoengana ere zabaldu nahi du udalak. Astean behin, arratsalde batean elkartu eta jarduerak egiteko zerbitzua eskaini nahi du, Atsedentokin: paseoak, hitzaldiak, jokoak, jolasak… aitzakia hartu, eta edadekoak elkartzeko. Datorren astean dute udalekoek eta adinekoen elkartekoek bilera.
Udalak, bere aldetik, gizarte suspertzaile figura eta lanpostua sortu nahi du, bai gaztetxoen, bai adinekoen zerbitzu horiek koordinatzeko.













