CAFen irabazi garbiak hamar aldiz igo dira 2021ean
Ia 3.000 mila milioi fakturatu zituen iaz. 86 milioikoak izan zituen irabazi garbiak. Eskari-zorroa gizendu ere egin zuen, urte hasierako kontratazioak aintzat izan gabe
CAF taldeak taldeak inoizko fakturazio handiena izan zuen 2021ean. Ia 3.000 milioi euro fakturatu zituzten, duela bi urte baino %7 gehiago. Irabazitako 10 eurotatik zortzi trengintzari esker lortu zituen. Soilik trenen salerosketarekin 1.000 milioitik gora fakturatu zituen. Europara saldu zuen nagusiki, nahiz eta salmenta potoloenak beste kontinente batzuetara egin zituen.
Fakturazioari trenak eta autobusak ekoizteko materialak, soldatak, zorrak… kendu behar zaizkio zergen aurreko emaitzak ezagutzeko: 130 milioi euro iazko urteari dagokionez. Kopuru honi aplikatzen zaizkio zergak. Multinazionalaren arabera 2021ean 41 milioi euro ordaindu zizkion ogasunari. 2020an zergen aurreko emaitza 49 milioi eurokoa izan zuen eta 39 milioi euro ordaindu zituen zergetan.
Kenketa guzti hauek egindakoan gelditzen dena CAF Taldearentzako da. Hau da, mozkinak edo irabazi garbiak. 2021 urteari dagokionez taldeak 86 milioiko mozkinak izan zituen, 2,51 euro akzioko. Duela bi urte bederatzi milioiko irabazi garbiak izan zituen, hein handi batean itxialdiak eragindako geldialdiaren eraginez. «Susperraldi handia» izan dela aitortu dute Beasaingo multinazionaleko arduradunek. Aurreikuspenak hobetu dituztela gaineratu dute. Pandemia aurreko emaitzak ere hobetu dituzte, 23 milioi eurotan. 2013ra jo beharra dago zifra hobe bat aurkitzeko.
Eskari zorroa duela hamabi hilabete baino gizenagoa da. %9 potoloagoa, zehazki. Kairoko metroko eta Calgaryko (Kanada) tranbiako enkarguak dira nagusienak. Aurtengo lehen hiruhilekoan jasotako 800 milioitik gorako eskariak ez daude urtekarian txertatuta. Martxan dituzten proiektuak %90ak baino gehiago trengintzarekin du lotura.
Etorkizuna
Nagusiak baikorrak dira etorkizunari begira. Mundu mailako hazkunde ekonomikoa espero dute eta jasangarritasunaren aldeko politikak hobetsiko direla. CAF Taldea, trenekin eta Solaris filialaren autobus jasangarriekin, posizio onean abiatzen dela diote arduradunek. «Merkatuaren gainetik hazten jarraitzea» da aurtengorako euren buruari ezarri dioten erronka.













