Inoizko eskaintza zabalenarekin dator stock eta kale azoka Ordizian
Plaza Nagusian eta establezimenduen atarietan aukera handiak izango dira, bihar eta etzi. Ostalariek ere bat egin dute eta pintxopotea egingo dute ostiral arratsaldean
Stock eta kale azoka inoiz baino indartsuago eta berrikuntzekin dator Ordizian. Bihar, ostirala, eta etzi, larunbata, egingo dute Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, merkataritza eta kontsumo sailaren laguntzarekin. Oraingo honetan, tokiko dendariek egingo duten eskaintza komertzialaz gain, aisialdi eskaintza ere ekarriko ditu. Hala, Ordiziako ostalaritzako establezimenduak batuko dira, martxoaren 4an, ostirala, 18:30etik 20:00etara pintxopotea eskainiz. Pintxopotearekin batera, kaleetan zehar animazio musikala izango da, Granujas a todo ritmo taldearen eskutik, eta gaztetxoenak kontutan hartuz, haurrentzako parkea ere jarriko dute. Baina gehiago ere izango da, izan ere 100 euroko hiru erosketa-txartel zozkatuko dira.
Maitane Alvarez alkateordeak edizio berri honek dakarrena aurreratu du: «Stock eta Kale-Azokaren bitartez proposamen erakargarria, produktuen aukera zabala eta anitza egongo da bi egunetan zehar. Herritarrek eskaintza onez gozatzeko aukera izango dute, herriko establezimenduetako produktuak kontsumituz, Ordizian biziz eta Ordizian erosiz».
Hamalau establezimendu
Aurten, hamalau establezimenduk parte hartuko dute; Lena, Mirentxu, Ness, Porfirio Fernandez, Biñaspre, Gofi Berri, Kixmi, Lua, Oskarbi, Palomo, Serendipity, Uriba, Vicuña Confeccion, eta Vicuña Sport. Batez ere, modaren alorreko establezimendu komertzialak dira parte hartuko dutenak.
Stock azoka, Ordiziako Plaza nagusian egingo dute, eta aipatutako establezimenduen artean, lauk jarriko dute postua plazan. Ordutegia izango da 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Eta Kale azoka, establezimenduen atarietan egingo dute. Ordiziako kaskoan dauden 10 establezimenduk parte hartuko dute. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aipatutako artean, 10 saltokik herri-gune historikoan eta inguruko kaleetan denden aurrealdean jarriko dituzte postuak produktu desberdinekin.
Ostiraleko pintxopotean parte hartuko duten tabernak Etxetxo, Gudin, Haizpe, Herriko, Ibai, Illy, Ilunpe, Itoitz, Kirkil, Leizea, Ordizia, Orlegi, Pottoka eta Urdin dira.













