Onddo freskoak ezean, lehortuak aukeran
Lehen tomate landareak salgai dira Ordiziako azokan, baita erremolatxa eta udako aza kixkurra ere. Arkume eta gazta denboraldiak ere hastear dira.
Ilusioz aurkezten dira landare berriak. Udaberri atari honetan udan prest egongo direnen landareak atzo, lehen tomateak Ibarrako Iguategikoak Jack motakoak 0,60 €/ bakoitza. Oraindik aire librean landatzeko oso goiz da, negutegi edo oso toki babesean aldatu ezean itxoitea hobe. Bestalde, erremolatxa eta udako aza kixkurra Montesenekoak salgai 0,10 €/bakoitza.
Udaberriko ziza gutxi batzuk izan ziren orain dela hiru aste baina harrezkero ez du besterik inork ekarri. Espezie mikologiko freskoen faltan lehortuak ekarri ditu Lasak. Batetik udaberriko ziza (50 gr.) eta karraspinak Morchella esculenta (20gr.). Huescan (Aragoi, Espainia) bildu eta idortuak. Jan aurretik uretan edo esnetan beratu behar dira. 8 euroan ontzia salgai da. Onddoak oliotan ere aukeran dira 8,5 €an 350 gramoko ontzia.
San Jose eguna hurbiltzen ari da eta arkumea jateko garai aproposean gaude. 3,25 €/kiloa bizirik pisatua aste honetako prezioa Larsabitik (latxa arkumearen salmenta eta bilketaz arduratzen den elkartea) eman diguten informazioaren arabera.
Datorren astean Idiazabal Jatorrizko izendapeneko Goiburu gazta berria salgai izango dugu denboraldiari hasiera emanez.
Kanpoko baba berria
Lehen plaza inguruan jarri ohi ziren fruta salmenta postuak Beti Alai pilotaleku aurreko zuhaiztian daude aspalditxotik. Haien artean azpimarratzekoak hauek: hazitako patata Aguraingo Jabier Lacalleren postuan aurki daiteke, Tuterako orburuak badira 6-7 euro artean dozena eta Almeriatik ekartzen hasi dira baba berria 2,5-3 artean.