Aristregi eta Izko izan dira azkarrenak Gabiria-Legazpi Rallysprintean
Aristregi eta Izko nafarrek 20 segunduko aldearekin lortu dute garaipena Gabiria eta Legazpi arteko auto lasterketan. Iñigo Alustiza eta Maialen Izagirre goierritarrak izan dira bigarren. Nerea Campos kopilotu legazpiarrak hirugarren postua lortu du.
Arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera abiatu da Gabiria-Legazpi Rallysprinta. Motor hotsak izan dira nagusi arratsalde guztian zehar Atagoitiko errepidean. Ibilbide kronometratua Gabiriako Korta jatetxearen parean hasten zen eta Legazpiko Motxorro auzoan amaitu. Sei kilometrotik gorako ibilbidea lau minutu eta erdi inguruan osatu dute azkarrenek. Hiru aldiz egin behar izan dute ibilbidea eta hiruen denborak batuta Aitor Aristregi eta Mikel Izko nafarrak izan dira azkarrenak. Eguraldia lagun izan ez den arren, motor-zale ugari bildu da errepide bazterretan.
Hiru itzulietan nagusitu dira Aristregi eta Izko. Euren Mitsubishi Lancer Evo IXrekin, 04:17, 04:24 eta 04:35 denborak egin dituzte; guztira, 13 minutu 17 segundo. Bigarren postua Goierrin geratu da. Ikullu Racingeko Iñigo Alustiza Gabirian bizi den legazpiarrak eta Maialen Izagirre lazkaotarrak lortu dute podiumeko bigarren koskara igotzea. Alustizak Goierriko Hitzari adierazi zion aukerak bazituztela: “Euria eta lokatz pixka batekin, gure kotxea oso aproposa da”. Halere, podiumera igotzea “zaila” izango zela uste zuen.
Lehen bi itzulietan, hirugarren azkarrenak izan dira goierritarrak; Mattin Villares eta Jon Zozaya izan baitira bigarrenak. Halere, azken itzuli kaskar baten ostean, Villares eta Zozayak ezin izan dute podiumean amaitu. Azken zatian, Alustizaren eta Izagirreren Peugeot 208 R2-a hirugarren azkarrena izan da berriro ere. Oraingoan, Gorka Idigoras eta Nerea Campos kopilotu legazpiarra izan dira bigarren azkarrenak, azken itzuli bikain baten ostean. Beraiek eskuratu dute, azken istantean, podiumeko hirugarren koxkara igotzea. Xabi Mujika eta Miriam Iztueta urretxuarrak zazpigarren postuan sailkatu dira.
Sailkapena:
1 Aitor Aristregi eta Mikel Izko (Mitsubishi Lancer Evo IX) 04:17.757+04:24.678+04:35.425= 13:17.860
2 Iñigo Alustiza eta Maialen Izagirre (Peugeot 208 R2) 04:23.220+04:35.694+04:39.552= 13:38.466
3 Gorka Idigoras eta Nerea Campos (Renault Clio Sport) 04:29.639+04:35.296+04:37.208= 13:42.143
4 Joseba Lasa eta Maitane Martiarena (BMW M3) 04:27.877+04:35.168+04:40.133= 13:43.178
5 Gurutz Agirretxe eta Hodei Intxausti (BMW M3) 04:27.813+04:36.206+04:42.700= 13:46.719