Langileek "oso pozik" daudela aitortu dute, nahi zuten akordioa delako. Soldatak %24 haziko zaizkie 2023tik aurrera, besteak beste

Beasaingo etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek Goxara enpresarekin gaur sinatu dute lan hitzarmena. Marijo Imaz Rabanos langileak “oso pozik” daudela aitortu du. Langileen egoera “asko” aldatuko dela zehaztu du Imazek eta, bide batez, erabiltzaileena ere bai. ELAk, langileen batzordean gehiengoa duen sindikatuak, akordioa “oso positibotzat” jo du.
Langileek eskakizunak jasota gelditu dira akordioan: soldatak %24ko igoera izango dute 2023tik aurrera eta Kontsumo Prezioaren Indizearen arabera +2,5eko hazkundea izango dute 2024an; ordainsarietan eta osagarrietan beste igoera batzuk ere aurreikusi dituzte; gainera, soldata egonkortu egingo zaie eta hilabetero ordainsari berdina jasoko dute; gutxienez 25 orduko astea adostu dute; eta eskubide sindikal hobeak bermatu dituzte. Akordioa maiatzerako indarrean egongo da eta 2024ra arteko iraungipena izango du.
Imazek azpimarratu du asko kostata lortutako akordioa dela. Urteak daramatzate mobilizatuta eta, tartean, hamahiru egun greban ere egin dituzte. Negoziaketak errazteko Lan Harremanen Kontseilura jo zuten urtarrilean. Bertan, Goxarako zuzendaritzak landutako proposamen bat egiteko ardura hartu zuen eta langileek, mobilizazioak etetekoa. Akordiora hainbat bileren ondoren heldu dira. Halere, negoziaketak luzatzea normaltzat jo dute ELAko ordezkariek, aurretik inolako hitzarmenik ez zutenez hutsetik hasi beharra izan dutelako. Imazek gaineratu du zerbitzua martxan dagoen ia 30 urteetan aurretik lan hitzarmenik ez adostea datu tristea dela. “Azkenean lortu da”.
Imazek eta ELAk langileen batasuna eta mobilizazioen eta greben garrantzia nabarmendu dute, “publikoa izan behar duen ezinbesteko zerbitzu pribatizatu bat duientzeko”. Beasaingo Udala da etxez etxeko arreta zerbitzuaren titularra baina Goxara enpresari dio esleitua. 28 lagunek egiten dute lan zerbitzuan.