Belack, Hizpide eta Musika Elkarrekin taldeek irekiko dute egitaraua, kontzertu bateratu batekin. Korrikako lekukoa Toberaren izenean eramateko deialdia zabaldu du eskolak

Asteburuan Tobera Musika eta Dantza Eskolak antolatutako Musika Hamabostaldia hasiko da. Igandean izango da lehenengo emanaldia. Aizkorpeko Belack, Hizpide eta Musika Elkarrekin taldeek kontzertu bateratua eskainiko dute Segurako plazan, eguerdian. Hiru taldeak musika eskolako egungo ikasleek zein garai batean ikasle izandakoek osatzen dituzte.
Hilaren 31ra arte iraungo du hamabostaldiak. Seguran eta Zegaman egingo dituzte ekitaldiak. Otsailean Andoaingo 17. piano jaialdian parte hartu zuten Toberako ikasleek ere parte hartuko dute emanaldietan. Segurako Maddi Mardaras ikasleak eta Zegamako Maia Perez, Alexia Zota eta Adei Martinez ikasleek zilarrezko domina bana eskuratu zuten jaialdian, eta Aintzira Zabaleta ikasle segurarrak, berriz, brontzezkoa.
Zozketa Korrikarako
Apirilaren 8an, berriz, Korrika iritsiko da Goierrira. Toberaren izenean lekukoa eraman nahi dutenek tobera@tobera.org helbidera idatzi behar dute, eta izena ematen dutenen artean zozketa egingo dute.
Musika Hamabostaldia
Martxoak 20. Aizkorpeko Belack, Hizpide eta Musika Elkarrekin taldeen kontzertu bateratua, Segurako plazan 13:30ean.
Martxoak 21. Gitarrako ikasleen entzunaldia. Gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa eta baxu elektrikoa. Segurako plazan, 18:30ean.
Martxoak 22. Entzunaldia. Txistu, danbolin, zeharkako txirula eta pianoa, Segurako plazan, 17:30ean.
Martxoak 23. Euskal dantzetako ikasleen saioa. Ortzi eta Jentil taldeak. Zegamako plazan, 18:45ean.
Martxoak 24. Piano, trikiti, pandero, bateria eta perkusio entzunaldia Zegamako plazan 18:30ean.
Martxoak 29. Zeharkako txirula, txistu eta danbolin entzunaldia Zegamako plazan 17:15ean.
Martxoak 30. Trikiti, pandero, bateria eta perkusio entzunaldia Segurako plazan, 18:30ean.
Martxoak 31. Gitarrako ikasleen entzunaldia, Zegamako plazan, 18:30ean.