Soraluze kalea oinezkoentzat egiteko lanak udaberrian hasiko dira
Obra Moyua enpresak egingo du. Lanek bost hilabeteko iraupena izango dute. Zelai Arizti aretotik plazara doazen eskaileretan karga-jasogailu bat jarriko dute
Zumarragako Udalak Soraluze kalea oinezkoentzat egingo du. Obra berehala hasiko da. Lanak Moyua enpresak egingo ditu, 405.000 euroren truke.
Obra Moyuari esleitzea azkeneko osoko bilkuran onartu zuten. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Obra hau Zumarragak Next Generation funtsetara aurkeztu duen egitasmoaren barne dago. Soraluze kalea oinezkoentzat egiteaz gain, plaza berrituko du eta Zelai Ariztitik plazara doazen eskaileretan karga-jasogailu bat jarriko du.
Udalak 900.000 euroko diru-laguntza jaso du, baina lanak abendua baino lehen bukatu behar ditu. Plazako obra dagoeneko abian da eta karga-jasogailua ere epe motzean jarriko du. Aurrekontua 128.000 eurokoa da eta Moyua enpresak egingo ditu lanak. Obraren iraupena hiru hilabetekoa izango da. Karga-jasogailua azokako baserritarrek eskatu zuten, baina astean zehar gainontzeko herritarrek ere erabili ahal izango dute.
50 urtez bake epaile
Bestalde, Zumarragako Udalak Jose Angel Igartzabal bake epaileari Peñaforteko San Raimundoren Gurutzea emateko eskatuko dio izen bereko ordenari. Hori ere alderdi guztiek onartu zuten.
Kondekorazio hori justizia administrazioan lan azpimarragarria egin dutenei ematen zaie. Ordenaren presidentea Espainiako Justizia ministroa da.
Igartzabalek 50 urte daramatza Zumarragako bake epaitegian lanean. 1972ko martxoaren 11tik da Zumarragako bake epailea. «Kondekorazioa merezi du, Zumarragaren eta bizikidetzaren alde egin duen lanagatik. 2.000 bikote baino gehiago ezkondu ditu eta bi aldeak ados jartzea lortu du kontziliazio ekintzen %90ean. Oso gutxi izango dira bake epaile lanean 50 urte bete dituztenak», esan zuen Mikel Serrano alkateak.
Horretaz gain, eguneko arreta zerbitzuaren ordenantzari hasiera onespena eman zioten. 65 urtetik gorakoek beraien autonomia mantentzeko eta bakartasunari aurre egiteko laguntza jasoko dute. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara, Gure Txoko jubilatuen etxeko hirugarren solairuan. Adinekoek bertan bazkaldu ahal izango dute. 1.158 euro baino gutxiago kobratzen dutenek hilean 100 euro ordainduko dute, 1.158 eta 1.737 euro artean kobratzen dutenek 150 euro eta 1.737 euro baino gehiago kobratzen dutenek 250 euro.