Urmaiz abesbatzaren itzulera eszenatokietara
Bihar Ormaiztegin kontzertua egingo du Urmaiz-ek, 19:00etan, Arabako koro sinfonikoarekin eta Orbe ahots-taldearekin batera. Igandean, berriz, proiektu bera aurkeztuko dute Miranda de Ebron.

Ormaiztegiko Urmaiz abesbatza eszenatokietara itzuliko da bihar, bi urteko etenaren ondoren. Ormaiztegiko San Andres elizan Karl Jenkins-en Stabat Mater lana aurkeztuko dute, 19:00etan, Miranda de Ebroko Orbe ahots-taldearekin eta Arabako koro sinfonikoarekin batera, Alicia Manceras Flores bakarlari gisa. Alberto Saez Puente Urmaiz-en zuzendariak azaldu duenez, pandemia aurretik martxan jarritako proiektua izan zen, baina ezin izan dute orain arte egin.
Hiru leku ezberdinetan aurkeztuko dute Jenkins-ek 2008an konposatutako Stabat Mater-a. Igandean, Miranda de Ebroko Apolo antzokian izango da, eta apirilaren 2an, aldiz, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan. 12 zenbakitan banatutako obra da, ordubeteko iraupena duena. «Hiru formazio elkartu gara, 80 bat ahotsekin. Zenbaki guztiak talde instrumental baten laguntzaz egingo ditugu, hari-instumentuekin, haize-intsrumentuekin eta perkusioarekin».
Abesteko «gogotsu»
Urmaiz abesbatzaren zuzendaria izateaz gain, Arabako koro sinfonikoa ere Saezek berak zuzentzen du. Orbe ahots-taldea, berriz, Maria Teresa Diez-ek zuzentzen du. Bi urte ia entsegatu gabe egon dira eta proiektuari gogoz heldu diote hiru formazioek: «Proiektu hau pandemia aurretik hasi ginen kudeatzen. Gogotsu gaude berriz ere abesteko, eta are gehiago gainera halako zailtasuna eta neurria duen lan batekin». Azken bi urteetan telematikoki egin izan dituzten entseguek harremana ez galtzeko balio izan dute. Bihar berriro zapalduko dute eszenatokia abesteko, Ormaiztegin bertan. Gasteizko Santa Clara elizan egin dute entsegu orokorra.
Azkena izan daiteke
Saez-en agurra izan daiteke Urmaiz abesbatzaren zuzendari bezala. «Amaiera bikaina izango da. Bilbon bizi naiz eta jarraitzea konplikatua zen. Gero batek daki zer gerta daitekeen, baina printzipioz azkena izango da. Zuzendari gisa hasi nintzen baina lagun talde bat sortu dugu».