Alaitasuna Errondailla, pozik larunbatean Altsasun egindako kontzertuarekin
Trasteando musika taldeak gonbidatuta joan dira Nafarroara. Pandemia iritsi zenetik, kanpora egin duten lehen irteera izan da.
Legazpiko Alaitasuna Errondaillak kontzertua egin zuen joan den larunbatean Altsasun, bertako Trasteando musika taldeak gonbidatuta. Altsasuarrak iazko azaroan izan ziren Legazpin Latxartegin jotzen, eta asteburu honetan bisita itzuli diete legazpirrek. Latxartegi bezala, Altsasuko Iortia kulturgunea publikoz gainezka egon zen.
Rondailako kideek gogoratu dutenez, “egun perfektoa” izan zen larunbatekoa. Arratsaldeko lehen orduan abiatu ziren Legazpitik Altsasu aldera, eta Trasteando taldeko kideekin batera egin zuten emanaldiaren osteko afaria eta afalondoa amaitutakoan itzuli ziren. Kontzertuan, duela gutxi hil zen Jose Luis Vega taldekidea gogoratzeko tartea hartu zuten legazpiarrek, solista gisa abesten zituen pieza batzuk Andoni Sarobe baritono nafarraren laguntzarekin interpretatuz.