"Bagara, bat gara"
Gaur amaitu da Iparra-Hegoa kultur astea Seguran. Festa giroan eta jende ugariren artean, gereziondoko ekitaldia egin dute. Bertan, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen anaitasuna aldarrikatu dute.
Jai giroan eman diote amaiera Iparra-Hegoa kultur asteari. / Bideoa: Gotzon Aranburu
Iparra-Hegoa kultur asteari amaiera eman diote gaur Seguran. Bart gaueko kontzertu eta festa osteko ajeari aurre egiteko, goizeko hamarretan ekin diote egitarauari. Ordu horretan hasi dira, plazan, sukalkiak prestatzen. Ostean, albokariek eta Baigorriko dultzaina jotzaileek zein Ziganteek kaleak animatu dituzte. Eguerdiko ordu bata inguruan ekin diote Gereziondoko ekitaldiari.
Poema bat irakurriz ekion diote ekitaldiari. “Bagara, bat gara, euskaraz gara eta euskaraz izango gara” zioen poemaren amaierak. Euskal hizkuntzaren zein Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen batasuna aldarrikatu dute Segurako gereziondoaren azpian. Libe Goñi, Seaska Iparraldeko ikastolen federazioko lehen irakaslea, omendu nahi izan dute eta berak hartu du hitza. Joaldunek, dultzaina jotzaileak eta albokariek hartu diote txanda Goñiri.
Ostean, Segurako alkate Izarra Urdalleta eta Urruñako auzapez Philippe Aramendi mitzatu dira gereziondoaren loreen azpian. Biek ala biek Iparralde eta Hegoaldearen zein Segura eta Urruñaren arteko anaikidetza aldarrikatu dute. Bi udalek adierazi dute prest daudela harremanak sendotzen laguntzeko eta herritarrei, eragileei zein elkarteei elkartasun hori bultzatzeko konpromisoa eskatu diete. Baigorriko Ziganteen emanaldiarekin eta presoen aldeko irritzi batekin eman diote amaiera ekitaldiari.
Ostera, Kuxkuxtu txarangak hartu du erreleboa eta Segurako kaleak girotzeari ekin dio. Kuxkuxtukoek alaiturik egin dute bazkari ere eta, indarrak berreskuratu ostean, Zirkink taldearen erromeriarekin eman diote amaiera Aurtengo Iparra-Hegoari.
2020an zen ospatzeko Iparra-Hegoaren 25. urteurrena. Pandemiak, ordea, bertan behera utzi zuen. Iaz ere ezin izan zuten kultur astea antolatu, baina, horren ordez, Kutxa Bira ekimena egin zuten. Aurten, ostera, antolatu ahal izan dute Iparra-hegoa kultur astea. Joan den asteartetik gaur arte luzatu da kultur astea Seguran.