Gogotsu itzuli dira Dantzari Txikiak
Bi urteko etenaldiaren ostean, Dantzari Txikiek Zaldibiako kaleak hartu dituzte. Bost dantza taldetako neska-mutilak elkartu dira Iztueta dantza taldeak antolatutako festan.
Itzultzeko gogoz zeuden Dantzari Txikiak. Bi urtez ezin izan dute elkarketarik antolatu, baina, aurten, bueltan dira. Zaldibiako Dantzari Txikien 30. eguna ospatu dute gaur. Ilusioz gainezka iritsi dira gaztetxoak Zaldibiara eta desfilea hasterako, jada, dantzan aritu dira.
Goizeko hamaiketan elkartu eta, lehenik, hamaiketakoa egin dute. Indarrak hartu ostean, desfileari ekin diote. Talde guztiak, bakoitzak bere estandartea aurrean zuela, Zaldibiako kaleetan zehar ibili dira. Tarteka, geratu eta dantza emanaldiak eskaini dituzte. Ostean, 13:00etan, dantzaldi bateratu egin dute eta, ordu biak inguruan, jaialdiari amaiera eman diote. Pandemiaren aurretik bazkaria eta arratsaldeko saioa ere egiten zuten. Aurten, ordea, soilik goizeko saioa antolatzea erabaki dute.
Zaldibiako Iztueta taldeko dantzariez gainera, beste lau taldetako neska-mutilak gonbidatu dituzte: Ibarrako Alurr, Ordiziako Amets Bide, Beasaingo Aurtzaka eta Legorretako Irrintzi Alai taldeetakoak. Haurren guraso, herritar eta bestelako ikusle ugari batu dira Zaldibiako kaleetan.
Maiatzean hurrengoak
Goierriko Dantzari Txikien urteko lehen juntadizoa izan da Zaldibiakoa. Hurrengoak maiatzean ospatuko dituzte. Maiatzaren 8an Legorretan egingo dute, 15ean Ordizian zein Zumarragan eta 22an Ataunen eta Beasainen. Beranduago, ekainean, Legazpin eta Lazkaon ere antolatuko dituzte saioak.