Jatearen mamiak ez du sekreturik ikasleentzat
Beasaingo Loinazpe eskolako 200 ikasle 'Ondo jan dezagun' lanketa egiten ari dira, elikadura osasuntsuaren garrantziaz jabetzeko. Mamia eta taloa egiten ikasi dute, azokara joan dira, Ondarroako portura...
Txirrinak jo du eta jolas ordua hasi da. Loinazpe eskolako jolastokia ikaslez azkar bete da, bakoitza bere hamaiketakoarekin: batzuek mamia dute, eta beste batzuek taloa. Eurek egindakoak dira, gainera, eskolako sukaldean.
Loinazpeko 200 bat ikasle Ondo jan dezagun lanketa egiten ari dira aste honetan zehar. Elikadura osasuntsuaren garrantziaz jabetzea da helburua eta, horretarako, askotariko jarduerak egingo dituzte: D’Elikatuzeko kideen eskutik hitzaldia jaso zuten alde teorikoagoa lantzeko, baina mamia eta eta taloa egiten ikasi dute, Beasaingo azokara eta Ondarroako (Bizkaia) portura txangoa egin dute, hamaiketako osasuntsua egingo dute etzi… Proiektua dieta osasungarria eta orekatua izateko jarraibideetatik sukaldaritzaren plazereraino doala deskribatu du Ana Agirre irakasleak.
Ikasitakoa borobiltzeko, bihar, garaian garaiko produktuekin egindako errezeta-liburu digitala eta komikiak aurkeztuko dituzte. Online eskegiko dituzte, edonork baliatzeko. Gainera, errezeta bideo lehiaketa ere martxan jarriko dute.
Itzulera
Lanketa egiten duten bigarren urtea da. Duela hiru urte ekin zioten, eta ikasleak eta irakasleak aseta amaitu zutenez, jarraitzea erabaki zuten. Pandemia etorri zen, baina, eta orduz geroztik ohiko erritmoa hartu ezinik dabiltza. Apurka bada ere, lortzen ari dira, eta Ondo jan dezagun berreskuratzea erabaki dute.
Ikasleek eskertzen dute, egunerokotasunarekin hautsi egiten duelako. Gainera, sukalde kontuetan gustura dabiltzala diote. Gehienek ez zekiten mamia eta taloa egiten. Aurrerantzean etxean egingo dituztela zin egin dute.