Bihar egingo du Moranek 24 orduko ultramaratoiko lasterketa
Carlos Moran lasterkari zegamarrak ultramaratoiko 24 orduko lasterketa egingo du bihar Burjassot-en (Valentzia), 60 urtetik gorakoen mailan
Carlos Moran lasterkari zegamarrak ultramaratoiko 24 orduko lasterketa egingo du bihar Burjassot-en (Valentzia), 60 urtetik gorakoen mailan. Abenduaren 11n 12 orduko modalitatean parte hartu zuen Can Dragó-n (Bartzelona), eta marka hautsi zuen. 136,287 kilometro egin zituen eremuan bueltaka. Hiru urte daramatza egun osokoan izena ematen, baina pandemia zela eta ezin izan du parte hartu eta lehenengo 24 ordukoa izango da biharkoa Moranentzat. 60 urtetik gorakoen kategorian, 1927an jaiotako Max Courtillon frantziarrak dauka 24 orduko errekorra, 1990ean ezarria Milton Keynes (Britainia Handia) hirian. 240,790 kilometro egin zituen 24 ordutan. Marka hori hausten ahaleginduko da zegamarra. Eguerdian, 12:00etan hasiko da karrera, eta igandeko 12:00ak arte iraungo du.
12 bat orduko entrenamenduak egiten ditu ultramaratoiko lasterketak prestatzeko. Urte hasieran txakur batek hozka egin zion eta entrenamenduak moteldu behar izan zituen. Dagoeneko osatuta dago eta gogotsu helduko dio biharko erronkari.
24 ordu Nahiarekin
2020an 3000kmxNahia erronka abiarazi zuen Moranek, Nahia Gomez zegamarrak pairatzen duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. Biharkorako 24 ordu Nahiarekin ekimena antolatu du elkartasuna adierazteko.