Hilaren 30ean irekiko dute berriz ere gaztelekua
LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleen topalekua udaletxe zaharreko 3. solairuan egongo da.
Bi urte itxita egon ondoren, apirilaren 30ean irekiko dute berriz ere Idiazabalgo gaztelekua. LH6, DBH1 eta DBH2ko gazteen topaleku izango da. Gaztelekuaren irekierarekin batera, udalak eta Eihera elkarteak parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan gazteekin. Berdintasunean eta bizikidetzan oinarritutako lanketa egingo dute: indarkeria matxistaren eta generoaren inguruan hausnartu, bizikidetza jarrera eta konpromisoa landu, gaztelekuko ekintzak definitu edota funtzionamendua zehaztuko dute. Zerbitzua larunbatetan eta igandetan egongo da erabilgarri, 16:30etik 19:30era, udaletxeko zaharreko 3. solairuan. Parte hartze prozesuaren bidez gazteen iritziak eta beharrak ezagutuko dituzte, eta horren arabera zehaztuko dituzte zerbitzuaren xehetasunak.












