Ekhi Irribarria pilotari aramarrak Zumarragako Goñi txapelketa irabazi du
Ekhi Irribarria pilotari aramarrak Zumarragako Goñi txapelketako lau t’erdikoa irabazi zuen atzo. Goñi txapelketa, amateur mailan antolatzen direnen artean garrantzitsuenetakoa da.
Irribarria 22 eta 21 nagusitu zitzaion Unai Amiano irundarrari. Oso partida ona jokatu zuten: erritmo bizikoa, erremate askokoa, akats gutxikoa eta emozio handikoa. Irribarria 6 eta 0 hasi zen irabazten, baina Amianok berdindu egin zuen. Aramarra 19 eta 16 aurreratu zen, baina sakean pasa egin zuen eta garesti ordaintzeko zorian egon zen. Azken tantoan, atzera jotako pilotakada batekin nagusitu zen.
Goñi txapelketako finalak ETB4 katean emango dituzte, gaur 12:00etan.