Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko dute maiatzaren 7an Azpeitian
1931eko apirilean hego Euskal Herriko hainbat udalek, Goierrikoak ere tartean, autodeterminazio eskubidea aipatuz, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuten mozio baten bidez
1931eko apirilaren 14a, Espainiako Errepublikaren ezarpenari lotuta dago askoren oroimenean. 1931ko apirilean ere, Espainiako errepublika ezarri eta egun gutxitara, Hego Euskal Herriko hainbat udalek, autodeterminazio eskubidea aipatuz, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuten mozio baten bidez. Gertaera hori agian ez dago horrenbeste jenderen memorian, baina ez ziren gutxi izan mozio hori onartu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko udalak. Mozioa onartu eta gero telegrama bat Espainiako errepublikaren presidenteari bidali zioten, Euskal Errepublika bat eskatuz.
91 urte beteko dira, alkate eta abertzale batzuek, ausardia izan zutela, berezko errepublika bat eskatzeko; Azpeitian, Zumaian, Bergaran, Oñatin, Orion, Zestoan, Hernanin, Errenterian, Getxon, Bermeon,…
Goierrin, Aramako eta Altzagako (apirilaren 16an), Lazkaoko (1931ako apirilaren 15ean), Legorretako (apirilaren 17an), Ormaiztegiko (apirilaren 17an), Itsasondoko (apirilaren 18an) eta Zaldibiako (apirilaren 19an) udalek onartu zuten euskal errepublika bat aldarrikatzen zuen mozioa. Horiez gain, Zegaman, Zumarragan, Gabirian, Legazpin, Mutiloan, eta Ataunen ere —gutxienez— 1931ko aktetan ageri da atxikimendua.
Urratsak
Autodeterminazio aldarrikapena udalbatzar aktan ipini eta 85 urte geroago, Goierrin sekula egin den alkate eta zinegotzi topaketa handiena egin zuten Araman, 2016ko apirilaren 16an. Gure Esku Dagok, Elkarrekin egitasmoan, ekaineko galdeketarako beste urrats bat egin zuen horrela. Ekitaldia xumea izan zen, baina karga sinboliko eta hedadura politiko handikoa. Goierriko 22 udalerriak zeuden ordezkatuta. Ezkiok eta Itsasok bereizita egin zuten sinadura: 23 herri hala. Hori baino bost urte lehenago, 2011ko apirilaren 18an, Itsasondon Goierri beheko 18 alkateak elkartu ziren.
Azpeitira joateko deia
Aurten, Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko da Azpeitian, maiatzaren 7an. Egun horretarako, Naziogintza Taldeak ekitaldi irekia antolatu du Azpeitiko Herriko Plazan, 12:00etan. Alde batetik, memoria historikoa berreskuratzeko eta historia hurbileko 1931ko pasarte hura gogorarazteko elkartuko dira, baina baita «Euskal Errepublikaren beharra gizarteratzeko ere, eta duela 91 urte Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko beste udal askok aldarrikatu zuten mezuaren gaurkotasuna agerian jartzeko».
Naziogintza Taldearen asmoa da, aurten Azpeitian abiatzea Euskal Errepublikaren Eguna, eta urtero herri ezberdin batean ospatzea, apirila bukaera aldera, Gernikako bonbardaketaren egunaren inguruan.