Goierri Kontseilu Sozialistak aberastasunen bidezko banaketa eskatuko du
Kontseilu Sozialistak Beasainen egingo du maiatzaren 1eko manifestazioa. Sozialismoaren eraikuntzan bakoitzak bere «aletxoa» jartzeko deia egin dute. Egoera «jasangaitza» dela diote
Goierriko Kontseilu Sozialistak manifestazioa antolatu du Maiatzaren Lehenean, kapitalismoaren krisi garaian sozialismoa eraikitzen lelopean. Bideluze plazatik abiatuko dira, 18:00etan. Atzoko aurkezpenean zehaztu zuten egungo krisialdia «egiturazkoa» dela eta errora jo behar dela. «Belaunaldiz belaunaldi langile klaseak ekoitzi dituen aberastasun guztiak, oligarken jabetza izatetik, herritar xumeen bizi bitarteko izatera pasatu behar du».
Gizarte osoaren ongizatea bermatzeko nahikoa baliabide ekoizten dela esan zuten, baina bankari eta enpresari handien berekoikeriak bidezko banaketa oztopatu egiten duela. «Klase kapitalistaren irabazien aurka jo behar dugu, nahitaez», ondorioztatu zuten.
Egungo egoera «jasangaitza» dela azpimarratu zuten. Prezioen gorakada, askatasun eza, langabezia, soldata «miserableak», gerra, ingurumenaren suntsiketa… «krisialdi kapitalistaren adierazpenak» direla zerrendatu zituzten.
Langileen Nazioarteko Eguna baliatu nahi dute «proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko». Euskal Herri osoko eskualde ezberdinetako Kontseilu Sozialistak era koordinatuan aterako dira kalera. «Mobilizazioetan parte hartzeko eta bidegabekeria horren guztiaren aurka zuen aletxoa jartzera dei egiten dizuegu».
Borrokan alderdi parlamentarioen eta instituzioen laguntzarik ez dela izango ohartarazi dute. «Alderdi parlamentarioak eta instituzioak diruaren menpe daude», salatu dute. Beraien estrategiak «ezintasunera kondenatuta» daudela gaineratu dute.
Memoria
Aldaketa posible dela sinesteko XIX. eta XX. mendeetako langile borroketara jo zuten. Orduan langileak «batuta» zeudela oroitu zuten, eta sozialismoak hor lortu zuela inoizko botererik handiena, langileen mesederako. «Kalitatezko» bizi baldintzak eta bitartekoak zituztela zehaztu zuten. «Sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa ez zen amaitu, eta horren eta beste hainbat arrazoiren ondorioz, proletalgoak inoizko porrotik gogorrena pairatu zuen. Galera gorren albo-kalteak sufritzen ari gara oraingo proletarioak».
Bezperan, Lazkaon
Maiatzaren 1aren harira ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Esaterako, apirilaren 30ean, Lazkaon, ekitaldi politikoa egitekoak dira. Eguna gerturatu ahala zehaztuko dute ordua.
Klase borrokaren inguruko solasaldia antolatu dute Arriaranen
Goierriko Kontseilu Sozialistak Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak klase borroka nola landu duen aztertzeko solasaldia antolatu du. Etorkizuneko erronkak ere zehaztuko dituzte. Dani Askunze Iruñerriako Kontseilu Sozialistako kidea eta Lander Garro preso ohia izango dira hizlariak. Gaur zortzi izango da, 18:30ean, Arriarango elkartean.
Bertso afaria egingo dute amaitutakoan. Maide Garmendia, Aratz Igartzabal eta Garazi Navarro arituko dira bertsotan. Sarrerak Ordiziako Orlegi eta Urretxuko Osaba tabernetan daude salgai, hamar eurotan.
Hizkuntzaren afera ere jorratuko dute. Apirilaren 28an Ordiziako eta maiatzaren 8an Urretxuko eta Zumarragako gaztetxeetan Euskara bidegurutzean hitzaldiak egingo dituzte. Bi saioak 18:00etan izango dira.