Lazkaon pandemia aurreko festa eredura eta egiturara itzuliko dira
San Prudentzio jaiak apirilaren 22tik maiatzaren 1era ospatuko dituzte. Musika eskolak botako du suziria. Lazkaomendiko festak ere berreskuratuko dira, maiatzaren 6tik 8ra
Etxeko konfinamendua 2020an eta herri barruko itxialdia 2021ean jasan ondoren, Lazkao ahalmen guztiekin itzuliko da festara. COVID-19aren pandemia ondorengo Goierriko lehen herri festak han ospatuko dituzte, bi urte luzeko etena gaindituta. San Prudentzio festak apirilaren 22tik maiatzaren lehenera izango dituzte, eta, ohiturari segiz, hurrena Lazkaomendiko festak, maiatzaren 6tik 8ra.
Mugarik gabe, gaitzaren beldurrak uxatuta, eta ordurako aurpegitik maskara barruetan ere kenduta egingo dira festak. Prestakuntzak hasita daude. Plazan oholtza handia lehengo astean kokatu zuen udalak, eta alboko aparkalekuan barrakak muntatzen herenegun hasi ziren.
Udal agintariek atzo eguerdian eman zuten egitarauaren berri. Ohiko egiturara eta eredura itzuliko dira sanprudentzioak: bi asteburu oso; mozorrotuen, haurren eta kuadrillen egunak betikoak; kontzertu ugari, eta guztira 67 ekitaldiko egitaraua.
Txupinazotik mozorrotara
Lazkao Txiki Musika Eskola «kuttunak» izango du jai hasierako suziria botatzeko ohorea, apirilaren 22an. 25 urte bete ditu. Festa-egitarau liburuxkaren azala, berriz, Maider Urretabizkaia margolari lazkaotarrak egin du.
Musikari dagokionez, azken gauean (30ean) Zetak taldeak joko du. Zelanda eta Joselu Anaiak izango dira beste gau alaitzaile batzuk, kale animazioko eta herriko musika talde nahiz txarangen partaidetzarekin batera.
Festak «alaitasunez baina arduraz eta errespetuz» ospatzeko eskatu du Kepa Zubiarrain alkateak. Zenbait sentsibilizazio kanpaina egingo dituzte. Herriko talde eta eragileak eskertu ditu, jaietarako elkarlanagatik.