Sasha, etxera itzuli nahi duen ukrainarra
Ukraina utzi eta Legazpira etorria da Oleksandra Avramenko, Sasha. Lau-bat aste daramatza hemen, baina lehenbailehen itzuli nahi du Kievera. Andrii bikotea han geratu da, errusiarren aurka borrokatzen.
Sasha goitizenarekin ezagutzen dute, baina Oleksandra Avramenko du izen ofiziala. Ukrainakoa da, 28 urte ditu eta ingeles irakaslea da. Kieven bizi zen aspalditik, eta bertan harrapatu zuen gerraren hasierak otsailaren 24ko gauean. Handik gutxira alde egin zuen, Hungariara lehenik eta Malagara (Espainia) gero. Orain Legazpin bizi da.
Ez daki noiz arte geratuko den hemen, baina etxera itzuli nahi du lehenbailehen. Han utzi du Andrii bikotea, boluntario gisa errusiarren kontra borrokatzen.
Hemendik ere, ahal duena egiten du ukrainarren alde, eta Kieven ikasle zituen gaztetxoei ingeles klaseak ematen die, on line. Gainera, Ukrainako errefuxiatuentzako Legazpin joan den larunbatean egin zuten material bilketan parte hartu zuen, Hotz Legazpi elkarteko kideei lagunduz.
Oso eskertuta dago legazpiarren laguntzarekin, eta legazpiarrei eta gainerako euskaldunei bere historia helarazi nahi die, Ukrainan gertatzen denaz gehiago jakin dezaten.
Ekialdeko okupazioa
Ukrainaren erdi aldean dagoen Kryviy Rih hirikoa da Sasha, baina 21 urte zituenean joan zen bizitzera Kiev hiriburura. «2014a zen, errusiarrek Luhansk eta Donetsk eskualdeak okupatu zituen urtea. Maiatzean iritsi nintzen Kievera», gogoratu du.
Ikaslea zen garai hartan, eta etxebizitza konpartitu zuen Donetsk-eko gazte batzuekin. «Etxeak utzi behar izan zituzten, bizitza hobeagoren bila. Ez zuten okupatutako jaioterrian geratu nahi. Nire pisukideen gurasoak Ukrainako ekialdean geratu ziren, jende helduarentzat zaila zelako alde egitea». Egunero telefonoz hitz egiten zutela du gogoan Sashak, «errusiarrek tirokatu eta bonbardatu egiten zituztela entzuten nien. Garai batean oparoak ziren hiriak etsipenak jota zeuden». Handik ihes egitea lortu zuten «zorionekoek» leku seguruagoetara jo zuten, Kieveko eskualdera batez ere.
Bizitza normala
Ikasketak amaitutakoan, ingeles irakasle gisa hasi zen lanean Kieveko eskola pribatu batean. «Haurrak maite ditut, nire lanbidea asko gustatzen zait», dio atsekabetuta, garai haietan eskolan ateratako bideoak erakusten dituen bitartean. «Bizitza zoragarria nuen!».
Errusiarrak eta bieloerrusiarrak Ukrainako mugetan egiten ari ziren maniobra militarren berri bazuten, baina «gauzak normal egiten genituen, lan, ikasi eta bizi normal egiten genuen. Inork ez zuen sinistu nahi Errusiak guda hasiko zuenik».
Gerraren hasiera
Baina gerra otsailaren 24an lehertu zen. «Goizaldea zen, 04:30 ingurua, lehen leherketa entzun genuenean. Aurretik sekula entzun gabe nuen bonba leherketa bat, baina argi zegoen, gerra hasi zen!». Bigarren leherketa entzun zuten gero, Andrii bikotekideak eta Sashak ez zuten zalantzarik.
Egoera haren aurrean «inork ez zekien zer egin, baino inor ez zen izutu». Egun berean, ikasleekin jarri zen harremanetan, ordurako batzuk dagoeneko kotxeetan zeuden gurasoekin batera hiriburutik ihesi.
Sahsak berak ere laster alde egin zuen. Andriik hurbildu zuen Hungariako mugara. Oinez egin zuen gero tarte bat muga igarotzeko, gero autobusa hartu eta Budapestera joan zen, eta han egun batzuk egin ondoren, hegazkinez Malagara. Baina han ez zuen inor ezagutzen, eta azkenean, lagun baten lagun baten berri izan zuen, legazpiarra hura, eta horrela iritsi zen Legazpira. Lau-bat aste darama hemen, baina etxera itzuli nahi du.
Ingeles klaseak
Bitartean, ingeles klaseak ematen jarraitzen du. Gerrako lehen egunak igarota, otsailaren 27an hasi zen berriz ere lanean, on line. Ukrainar haurrak horrelako une batean laguntzeko egiten du, «ingeles klaseekin normaltasun apur bat helarazi nahi diet». Bestela, helduei ere ematen die eskola, eta lortzen duen dirua Ukrainako boluntario eta armadarentzat dira.
Une honetan Internetez eskola ematea «erronka handia» dela dio, «klasean nagoen bitartean egunero entzuten dut Sasha, barkatu, alarma jotzen ari dira eta babeslekura joan behar dut».
Bikotea, Kieven boluntario
Orain Legazpin da, salbu, baina familia Ukrainan utzi du. Ondo daudela daki, eta lasai dago. Andrii bikotea ere han dago. Kieven geratzea erabaki zuen, eta boluntario lanak egiten ari da. «Ahal duen guztia egiten du. Duela egun batzuk, emakume bat atera zuen Hostomel hiritik, errusiarren okupaziotik libratu eta gero». Emakume hura eta beste 80 herritar 40 egunez soto batean egotera derrigortu zituzten, errusiarrak haien etxeetan bizitzen egon ziren bitartean.
Horrelako gertakariak, suntsipena, hilketak, bortxaketak… egunero gertatzen ari dira Ukrainan. Noiz bukatuko diren zain dago Sasha Legazpin. Itzuli nahi du, baina «agintariek oraindik arriskutsua dela diote, eta ez joateko eskatu digute».