Zainzurien garaian, baita baba berria ere
Eguraldi atsegina eta askoren oporrak tarteko, jende dezente izan da aste honetako Ordiziako ferian.
Geroz eta udaberriko itxura handiagoa hartzen ari da feria, baba berria hasi da eta ilar eta perretxiko aukera handitzen ari da. Lehen baba saltzen hasi dira. Aurten goiz ekarri dutenik ezin esan eta itxura baten baba urtea izango denaren zantzurik ere ez omen da. Hala aitortu digu Edurne Jauregi Baliarraingoak: «Oso diferentzia handia dago batzuen eta besteen artean, auskalo zergatik». Eta haien amari entzundakoa ekarri du gogora: «Nekazaria beti aprendiz». Mila osagai baitaude kontrola zailak. Sei euroan kiloa leka eta guzti salgai lehen aste honetan.
Ilarra poliki ugaritu da lauzpabost postutan ikusi dugu 15€/k eta mota ezberdinak: Alberto Printzea, Maravilla, Lincoln eta handixeagoa den Dorian. Bakoitzak bere ustez onentzat duena ereiten du.
Mikologia atalean aldaketa antzeman da. Batetik Basoakoek postua jarri dute, hauek perretxiko aukera dagoen garaian etorri ohi dira, negu partean etortzeari utzi zioten, eta atzo berriz ere Barrena aurrean jarri ziren. Garaiko lehen zizahoriak besteak beste hantxe, 5 kilo, 29-33€/k. Aparte Lasa eta bien artean 80 kilo on-ddo, 15-28 euroan eta hemengo 20 kilo udaberriko ziza 110-140 euroan kiloa tartean Patxi Arizmendik zituenak. Nafarroako zainzurien garai bete-betean gaude. Ordizian zuhaiztiko fruta postuetan salgai dira eta baita Sindikatuko dendan ere, 5-8€/k neurriaren arabera.
Kostantziaren lekuko
Askotan esan ohi dugu merkatu eguna sal-erosketatik harago doala; hainbat aldarrikapen, kanpaina eta ekitaldiren lekuko da. Aipagai dugunak iraunkortasunari dagokionez meritu handia du. «Zoritxarrez arazoak hor segitzen baitu», esaten ziguten Euskal preso eta iheslariak etxera orain dioen pankartari eusten ari zirenek. 1993. urteko azaroan hasi ziren asteazkenero 11:00etan Plazan pankartarekin ordu erdiko egonaldia egiten. Eta hala segitzen dute asteazkenero. Presoekiko elkartasuna eta haien eskubideen aldeko aldarrikapenak ferian ere agerian jarriz. Lan erantsi bat dute orain «orain arte hemeretzi lagun baina gutxiago elkartzeko ez zen inolako baimenik behar, duela urte eta erditik hona, Ertzaintzan astero eskatu behar izaten dugu baimena». Parte hartzaileen artean ia astero hor den jendea bada baina irekia dela eta edozeinek parte har dezakeela gogora ekartzen zigun Maria Pilarrek. Bestalde Etxerat eta Sareren materialarekin Barrena aurrean Agus Zinkunegiren ardurapean postua izaten da asteazkenero joan zen abendutik hona.