Ardiak itzuli dira Ordiziako kaleetara
Bi urteko etenaren ostean, Artzain Eguna ospatu dute Ordizian. Ohiturei jarraituz, ardiek herriko kaleak zeharkatu ditzute eta Idiazabal Gazta berria ebaki dute.
Gotzon Aranburuk egindako bideoa
Ardiak itzuli dira Ordiziako kaleetara. Eguraldia lagun izan ez arren, jendea gogotsu zegoen eta, aterkipean, kale nagusiaren bi aldeak hartu dituzte artaldeak igarotzen ikusteko. Hiru artaldek zeharkatu dute herrigunea; negua haranetan igaro ostean, mendiko larreetara itzultzear direla irudikatu dute. Jarraian, udaletxeko batzar aretoan, Idiazabal Gaztaren denboraldi berria aurkeztu dute.
Tolosako AMA jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek ebaki dute gazta berria. Beraien jatetxeko plateretan, tokian tokiko produktuen eta ekoizleen alde eginiko apustua eskertu diete Idiazabal Gaztaren kofradiakoek. Sukaldariak eskertuta agertu dira aitortzagatik eta, gazta moztu ostean, honakoa esan dute: “Gazta berri honek sukalde eta ekoizle belaunaldi berri eta gazteen indar bera dauka. Zoragarria da”.
Luis Lezama ere omendu dute, Lezama ostalaritza taldeko lehendakaria. Gastronomiaren eta, batez ere, Idiazabal Gaztaren difusioan, munduan zehar, egindako lanagatik. Bestetik, Idiazabal Jatorri Izendapenak gaztaren kalitate eta erregulartasun sariak ere banatu ditu. Gaztandegien atalean, Iurretako (Bizkaia) Laztanak jaso du saria. Artzain-gaztagilearen atalean,bestetik, goierritar bat saritu dute: Eneko Goiburu, Segurako Ondarre gaztandegikoa.
- AMA jatetxeko sukaldiarak gazta berria mozten. / A.Garmendia
- Luis Lezama, omendua. / A.Garmendia
- Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburu gaztagile saritua. / A.Garmendia
- Iurretako Laztanak jaso du gaztandegien ataleko saria. /A.Garmendia
Ekitaldian egon dira, besteak beste, Ordiziako alkatea, Idiazabal Gazta jatorri izendapenaren lehendakaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo eta nekazaritza zuzendariak edo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Guztiek goraipatu dute artzainen lanak eta bertako produktuen alde egiteak duen garrantzia.
Gainera, Ordiziako azoka eta Artzain Eguna turismoarentzat oso erakargarriak direla azaldu dute Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako turismo arduradunek. Adur Ezenarrok ere, artzainen lana aitortu ostean, azòka berezien itzulera izan du hizpide: “Artzain Eguna izan zen pandemiak bertan behera uztera behartu gintuen lehen azoka berezia eta Artzain Eguna da berreskuratu dugun lehena”.
Azoka berezia
Ezenarrok esan bezala, berreskuratutako lehen azoka berezia izan da Artzain Eguna. Asteazkena izanik, ohiko postuak egon dira Ordiziako plazan; baina, gaur, horiez gain, beste zenbait artisau eta ekoizle ere bertaratu dira. Ordiziara joan direnek taloak, pintxoak, gazta zein bildotsa dastatzeko aukera izan dute.
Goizean zehar, pixkanaka jendez bete dira kaleak eta zenbait postuk erosle joan-etorri handia izan dute. Garagaratza plazan, ahari eta ardien erakusketa egon da ikusgai eta, leku berean, eguerdi aldera, ardien ile-mozte erakustaldia eskaini dute. Dultzaina-jotzaileak kaleak alaitzen aritu dira.

















