Pixkanaka mozorrotu dira Lazkaon
Atzo eman zieten hasiera Lazkaoko San Prudentzio jaiei. Gaur, gau luzearen ostean, eguerdi aldera hasi dira herritarrak mozorrotuen eguna ospatzen.
Zirkua ere iritsi da Lazkaora. Txupinazoaren osteko gaua luzea izan da eta lazkaotarrak, pixkanaka, mozorrotu dira. Mozorrotuen eguna ari dira ospatzen, gaur, San Prudentzio jaietako bigarren egunean. Jundajo txarangak alaitu ditu Lazkaoko kaleak eguerdian zehar, baina, eguerdiko ordu biak ingurura arte, apenas zegoen jenderik mozorrotuta. Orduan, bazkalordua hurbildu heinean, hasi dira herritarrak kalera irteten.
Eguraldi iragarpenak ikusita, urpekariz mozorrotu dira batzuk. Eguerdian zehar, ordea, tanta batzuk bota dituen arren, eguraldia lagun izan dute. Beraz, gazte talde batek ez du arazorik izan hawaiiarrez jantzita ateratzeko. Karrozak ere protagonista izan dira. Sukaldariek kalera atera dute sukaldea; urdaiazpiko, barbakoa zein tximinia eta guzti. Zirkua ere iritsi da Lazkaora bere karparekin, herrian zehar ikuskizunaren kartelak itsatsi dituzte. Bestelakoak ere bai: pailazoak, txotxongiloak, artaldea, superheroiak… guztiak batu dira Lazkaoko kaleetan.
Indarrak berreskuratzeko bazkaria egin dute 14:30ean txosna gunean. Ostera, 17:30ean, haurrentzako Urpekariak ikuskizuna eskainiko dute Lazkao Txiki plazan. 19:00etan, Brincadeira taldeak kaleak animatuko ditu eta, gauean, kontzertuak egongo dira: 22:00etan Zelanda taldea, frontoian eta, txosna gunean, Ochi di Farfalla, Añube eta Alerta Gorria 23:30etik aurrera.
Biharko egitaraua:
Apirilak 24, igandea
- 10:00. Artisautza azoka.
- 17:30. ‘Kantu kolore’ ikuskizuna, Arerian.
- 18:30. Oin-Arin dantza taldearekin triki-dantza kalejira, herrian barrena.
- 19:00. ‘Tomaxen abenturak’ ikuskizuna, Lazkao Txiki plazan.













