Beasaingo azokako erosketak gordetzeko armairuak jarri dituzte Iguneako atarian
Armairuak soilik saltzaileak eta bezeroak dakiten pasahitz aldakor batekin irekitzen dira .Hamabost daude, baina udalak ez du baztertzen gehiago jartzea, erabilera handia izango dutelakoan.
Beasaingo Udalak hamabost gordailuko armairua jarri du plazapean, Iguneako atariaren alboan. Hala, azokan egindako erosketak bertan gorde ahalko dira eta edonoiz jaso. Ekimenarekin bat egin duten ekoizleek aurrez aurre eta Whatsapp bidez salduko dituzte euren produktuak; behin erosketa eginda, bezeroari zein gordailutan dagoen eta hau irekitzeko klabea helaraziko diote sakelekora. Sei ekoizlek egin dute bat ekimenarekin.
Leire Artola alkateak aurrerantzean azokan erostea «erosoagoa» izango dela azpimarratu du, armairuak aurkezterakoan. Azokan erosteko ohiturarik ez duten herritarrei joera aldatzeko deia egin die, bide batez.
Zerbitzua «arrakastatsua» izango dela ziur dagoela esan du alkateak. Beharra egon arren orain arte ez zegoen aukera eskainiko baitu. Orain arte egindako probek «emaitza onak» eman dituztela gaineratu du. Etorkizunean gordailu gehiago jartzeko aukera ez zuen baztertu. Beasaingo Udalak bertako ekoizleekin duen ardura nabarmendu du alkateak. Horregatik, «etengabeko hobekuntzan» dihardutela zin egin du.
Beste bi berrikuntza ere iragarri ditu Artolak: plazapeko argiteria aldatu dute alde batetik. LEDezko 29 puntu jarri dituzte. Gainera, are efizienteagoak izateko, kanpoko argiaren arabera intentsitatea automatikoki egokituko dute. Armarriaren inguruko argiteria ere berritu dute, garrantzia handiagoa emateko; beste aldetik, fidelizazio txartelak aterako dituzte. Zenbat eta erosketa gehiago egiten dituenak beherapenak pilatuko ditu.
Azokako ekoizle guztiak plazapean izango dira gaurtik. Postuak sakabanatuta zeuden azken bi urteetan, pilaketak ekiditeko. Pandemia atzean utzita lehengora itzuli dira.
Armairuari tokia egiteko bizikleta aparkalekuak Iguneko sarreraren bestaldera mugitu dituzte. Bizikletak dagokien lekuan uzteko eskatu dute.