Agirre-etxeberri eraikineko tabernaren kontratazioa atera du udalak
Pandemia zela-eta eten zuten lizitazio prozesua, baina atzera ere martxan jarri dute. Eskaintzak hilaren 23rako egin behar dira.
Legazpiko Udalak berriz jarri du martxan Agirre-etxeberri eraikineko taberna ustiatzeko kontratazio prozesua. Eskaintzak maiatzaren 23ra arte egin daitezke Sektore Publikoko Kontratazio Plataformaren bidez
Agirre-Etxeberriko taberna-kafetegiaren lizitazioa 2020ko martxoan jarri zuen martxan udalak, baina pandemiak harrapatu zuen erdi-erdian, eta orain berriz abiatu du prozesua. Taberna-kafetegia ustiatzea, behe solairuko erabilera anitzeko gelak irekitzea eta ixtea, eta behe solairuko gela guztiak eta etxeko atzealdeko sarrera eta arkupea garbitzea sartzen dira kontratuan. Agirre-etxeberriko aretoetan ezkontza zibilak ospatzen dira, eta udalak baimendutako bestelako ekintzak ere egiten dira: bilerak, entzunaldiak…
Kontratistak hileko 100 ordaindu beharko dizkio udalari, baina diru kopuru hori goraka hobetu dezakete lizitatzaileek. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da.