Hemengo eta lurreko tomatea hasi da
Azkoitiko Joxemari Uzin etortzen hasi da berriz feriara. Mikologia atala ere ugaritu da, bai motaz eta baita saltzailez ere.
Maiatza hasiz bat, Joxe Mari Uzin Gonzalez Ordiziako plazan azaldu da, ohi duen moduan hamabost egunen gorabeheran. Ezin esan oraindik tomate garaia denik, uda-udako produktua dugu tomatea. Aire libreko baratza gehienetan oraindik aldatu ere egin gabe dugu, oso toki babesean izatekotan.
Azkoitiko Kurutziakoak propio prestatuak dituzte negutegiak tomate ekoizpenerako, oihal termikoa, berogailua… Ez da eskaintzen duten produktu bakarra baina bai haien produktu izarra. Gaur egun, profesional gutxik egiten duten moduan lurrean landatzen dituzte.
Izan ere, ekoizpen hidroponikokoak dira salgai izaten diren tomate gehienak, Eusko labeldunak barne hemengoen kasuan. Uzinenak Kurutzia marka dute, etxearen izena, 4,8 €/k Jack motakoa. Garaiko lehena «oso ondo hasi gara, lehen landatutako hauek otsailean, oso ondo ematen ari dira. Gaur sei kaxa ekarri ditut neurri eta heldutasun egokikoak» eta baita laster saldu ere, goizeko 8:30erako erdia joana zen. Bigarren txanda martxo erdi aldean landatu omen zuten eta «hirugarrena laster, San Isidro inguru horretan». Gabonak inguru arte, ondo bidean, plazan ikusiko dugu.
Beste hainbat nobedade aipagai bazen atzo. Barazkitan ziazerba edo espinaka berria hasi da, 0,9-1€/sorta Baliarraingo Irabiazpiko Edurnek. Landaretan mugimendua hasi dela senti zen atzo. Eguraldia lagun izango dugun lehen asteazkenean antzemango da nabarmen udaberri udako landareak aldatzeko garai betean gaudela. Berriak sandia eta meloia 0,80€/bakoitza.
Mikologia aukera ugaritzen
Batetik, udaberriko ziza garaian etorri ohi den Garbiñe Barandiaran etorri zen Gasteiztik, hilabete pare bat edo izango dugu Ordizian. Basoakekoak ere hor dira, biak aurrez aurre Barrena eta Jakes etxearen artean.
Bestetik, plazan Lasaren postua urte guztian bezala. Honetan garaiko lehen martxoko zizak Hygrophorus marzuolus (30 euroan kiloa) eta marasmio jangarriak Marasmius oreades (20 euroan kiloa) eskaintzen zituzten. Guztietan udaberriko zizak, plazako barruko hiru postutan ere bai. Guztira 225 kilo (20-55 euroan kiloa). Baita, onddoa 70 kilo (18-28 euroan kiloa) eta 3 kilo zizahori ere (24 euroan kiloa).