Ikasleek berdeguneak babesteko eskatu diote udalari
Beasaingo bost ikastetxeetako LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleek berdeguneak babesteko eskatu diote Beasaingo Udalari. Agenda 2030 ekimenaren barruan zelaiak, larreak eta landareak landu dituzte eta ondorioztatu dute galtzen ari direla, ezinbestekoak izan arren. Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburuak Beasaingo Udalak helburu horrekin dituen politikak azaldu zizkieten ikasleekin egindako bileran. Ixabel Olano parkearen eraberritzea izan zuten hizpide, esaterako. Proiektua amaitutakoan berdegune gehiago izango ditu inguruak.













