Liztor beltza saihesteko kanpainari esker 677 liztor jaso dira
Ordiziako Udalak eta Babes Zibilak elkarlanean jarduten dute liztor beltza saihesteko kanpainan. Bertako liztorra eta herritarrak babesteko balio du
Bukatutzat eman dute liztor beltzaren kanpaina Ordizian. 677 liztor beltz bildu dira udalak Babes Zibilarekin elkarlanean abiatutako liztor beltzaren agerpena saihesteko kanpainan. Aurten hamahiru tranpa jarri dira herriko eremu desberdinetan banatuta, eta astelehenean guztiak jaso zituzten. Hilerri eta Okorro parkekoetan jaso dira liztor beltz gehien; 132 eta 122.
Maitane Alvarez alkateordeak adierazi duenez, «aurten ere datu onak» eman ditu kanpainak. «Iaz baino lehenago hasi dugu, eta horrek ere eragina du datuetan. Puntu berrietan kokatu ditugu tranpak, iaz ikusi genuelako herriko beste gune batzuetan ere jarri beharko zirela hauek». Esku-hartze horrek, bertako liztorra eta herritarrak babesteko balio duela gehitu du.
Datozen hilabeteetan liztor beltzen habiak kentzeko kanpainak jarraituko duela azaldu du. «Orain, batez ere, liztor beltzen habiak atzeman dira eta Babes Zibila dagoeneko hasia da eskuhartzen; astebetean hiru habia kendu dituzte».
Prozedura ondorengoa izaten da: likido erakartzailea, ura nahastuta, jartzen da edukiontzi berezi batzuetan, eta ondoren zuhaitzetan kokatzen dira. Astean bi egunetan, gutxi gorabehera, egiten dituzte jarraipen lanak; astelehen eta ostiraletan. Hala, azaltzen diren liztor beltzak jasotzen dituzte.
Bi liztorren arteko desberdintasun nagusia da liztor beltzak marra hori bakarra duela enborrean. Bertako liztorraren kasuan, nahiz eta liztorrak handiak izan, marra hori bat baino gehiago izaten dituzte.