Zumarragak uraren ordenantza eta kontratazio espedientea onartu ditu
PSE-EEk alde bozkatu du, EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka eta EAJk abstentzioa eman du. Datozen bost urteetan prezioak ez du gora egingo
Zumarragako Udalak uraren ordenantzari hasierako onespena eman dio eta ur zerbitzuaren kontratazio espedientea onartu du. PSE-EEk alde bozkatu du eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka. EAJk abstentzioa eman du.
Onura Publikoa plataformak zumarragarrek ura oso garesti ordaintzen dutela salatu zuenetik eta uraren kudeaketa publifikatzea eskatu zutenetik, uraren ingurukoa agintaldiko eztabaida nagusia bilakatu da. Hala, astearteko osoko bilkurak hiru ordu eta erdi iraun zuen. Onura Publikoa plataforman EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga daude, besteak beste.
Ordenantzari dagokionez, Mikel Serrano alkateak ura %6 eta %13 artean merkatuko dela eta hurrengo bost urteetan prezioa ez dela igoko esan zuen. Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek hala ere garestia iruditzen zaiela esan zuen.
Ordenantzari kritikak
EH Bilduko Josu Aztiriak testuingurua zein den azaldu zuen. «Uztaila amaieran Aquarberekin dugun kontratua ez luzatzea erabaki zen, gure lanari eta kontu hartzailearen txostenari esker. Jendeak zoriondu egin gintuen, baina ez ginen fio. Gaur guztion ondasuna den uraren espoliazio eta pribatizazioa egiaztatzen ari gara. Oinarrizko ondasun bat pribatizatzen denean, prezioek gora egiten dute. Oligopolio energetikoarekin ikusten ari garena, 15 urte daramagu pairatzen Zumarragan. Estatuko batez bestekoa baino bi edo hiru aldiz gehiago ordaintzen dugu».
Ordenantza berria gogor kritikatu zuen. «Zerbait aldatu da, denak berdin jarrai dezan. Erretenen tasa kendu da, baina hori Zumarragan bakarrik genuen. Fakturazio sistema ere aldatu da. Blokeka ordaintzen da, behar-beharrezkoa dugunaren truke eta igerilekua betetzeagatik prezio bera ez ordaintzeko. Baina Zumarragan bloke batetik hurrengora pasatzen bazinen, kontsumitutako ur guztia bloke horren prezioan ordaintzen zenuen. Hori konpainia elektrikoek argindarrarekin egiten duten bera da eta horri esker Aquarbek diru asko irabazi du. Hori zuzendu egin da, baina enpresek asko ordainduko dute. Eta gutxien kontsumitzen duten bizilagunek %2 gutxiago bakarrik ordainduko dute. Garestienen artean egoten jarraitzen dugu, azpiegituren kuota finkoa delako eta beheko blokearen prezioa oso altua. Azpiegituren kanona progresiboa egitearekin eta beheko blokearen prezioa erdira jaistearekin nahikoa zen helburua lortzeko».
Alkatearen erantzuna
Mikel Serrano alkateak zerbitzuaren kalitatea azpimarratu zuen. «Teleirakurketa dugu eta errendimendua beste inon baino hobea: %95,64koa da. Euskadin %88koa eta Estatuan %70ekoa. Agenda 2030ekin lotutako azterketa bat egitera etorri zen enpresa batek azken urteetan egindako ahalegina txalotu zuen eta ez zuen prezioa gehiegizkoa denik esan. Herritarrak asaldatu nahi dituzue mezu dramatikoekin. Gainera, pleguetan klausulak daude laguntza behar dutenentzat. Egoera hain txarra bada, zergatik ez duzue ezer esan orain arte?».
Kontratazio espedienteari dagokionez, alkateak gaia lantzeko bilera monografikoak egin direla azpimarratu zuen. Benitezek Zumarragak erabiltzen duen ereduaren eskutik Estatuko ur horniduraren %50a enpresa pare baten esku dagoela salatu zuen. Serranok udal teknikariek zeharkako kudeaketa aholkatu dutela gogorarazi zion. EAJko Josu Idigorasek udal teknikarien txostenei balioa ematen dietela eta, beraz, zeharkako kudeaketaren alde daudela aipatu zuen.
Aztiriak pleguak Aquarberen neurrira egin dituztela salatu zuen. «Beraiek edo beraien ingurukoek egin dituzte. Akordio proposamen bat aurkeztu genuen eta ez dugu erantzunik jaso. Beste eredu batera pasatzeko denborarik ez zegoela ikusita, proposamen eskuzabala egin genuen: Urretxurekin lan mahaia osatzea bi urtetan zerbitzua munizipalizatzeko eta Aquarberi kontratua bi urte horietarako luzatzea, baina kontrol zorrotza eginez».
Pleguak egiteko prozesua kritikatu zituen. «Zergatik egin ditu pleguak Capiol enpresak? Capiolen Aquarbeko langile ohiek lan egiten dute. Beste enpresaren bati eskaini al zaio lan hori? Bestalde, Aquarbek ez ditu bere kontu auditatuak aurkeztu eta indarrean dagoen kontratuak hori exijitzen du».
Publifikazioa eskatu zuen. «Aquarbeko Zumarragako langileek lan bikaina egiten dute. Zerbitzua munizipalizatu beharko genuke eta langile horien lan baldintzak hobetu».
Onura Publikoko Aritz Elgarrestak ere hitza hartu zuen. Plataforma publifikazioa sustatzeko sortu zela eta adituen babesa jaso zuela gogoratu zuen. «Frustrazioa sentitzen dugu. PSOEk munizipalizazioa sustatu du beste toki batzuetan. Terrassan, Almendralejon eta Alacanten, esaterako».