Eguneko arreta zerbitzua abian
Legorretako 2030 plan estrategikoan garatu den herritarren zaintza bermatu nahi duen zerbitzua da. Ate irekien eguna egin dute herritarrentzako
Zerbitzu berri bat jarriko dute martxan Legorretan; Eguneko Arreta Zerbitzua. Kale nagusiko 8. zenbakiko eraikin berrian dago, herriaren erdi-erdian. Lehen solairuan dago, plazara ikuspegi ederra du. Azpiegiturei dagokienez, otorduak eta tailerrak egiteko gela bat, atsedenerako beste bat, eta bi komun guztiz egokituak ditu. Terraza handi bat ere badu, atzeko aldera. Hamabi pertsona hartuko ditu.
Zelai Amenabarro alkatea «oso pozik» agertu da, «laguntza eta prebentzio izaera» duen zerbitzu hau martxan jartzeagatik. Helburua da, «herritarrak beren autonomiari eustea, ohiko bizimoduarekin herrian bertan jarraitu ahal izatea eta herritarren artean harremanak sendotzea».
Proiektu honen hazia iazko udazkenean jarri zutela kontatu du alkateak, «Legorreta 2030 plan estrategikoa garatu» zuten garaian. Herritarrekin egindako saioetan, «zaintzak izan zuen toki zentral bat». Herrian zein zaintza behar zen gogoeta egin eta ikusi zuten eguneko arreta zentroa osatzeko behar bat bazegoela. Proiektua martxan jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izan dute.
Legorretako Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikari Itsaso Urretagoienaren hitzetan, «nahi duguna da herritarrak beren bizitokian, beren komunitatean mantentzea, ahalik eta autonomia maila handienari eustea, gaitasun kognitiboak, funtzionalak eta sozialak sustatzea, eta segurtasun sentimendu bat izatea, orokorrean bizi kalitatea hobetzea». Familiei eta zaintzaileei, «zaintza lanak arintzeko» ere baliatuko dute.
Norentzat zuzendua
Eguneko zerbitzu hau, autonomia maila bat mantentzen duen jendearentzat baina zailtasunen bat ere izan dezaketenentzat dago zuzenduta. Menpekotasun balorazioan lehenengo gradua dutenentzat edo menpekotasun balorazioa oraindik egin gabe baina zailtasunen bat izan dezaketenentzat ere. Ez du zertan adineko pertsona izan beharrik.
Astelehenetik ostiralera 11:30etik 17:30era egongo da zabalik zerbitzua. 11:30-13:30 tailerrak egingo dituzte, 13:30-15:30 bazkaltzeko eta atsedenerako tartea izango da eta 15:30-17:30 ekintzak eta tailerrak egingo dituzte.
Erabiltzaileari egokitutako egutegi edo ordutegia ezartzea posible da, zerbitzua malgua izango baita.
Zerbitzuak eskaintzen dituen aukera guztien kontsulta egiteko Legorretako Udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzea gomendatu dute. Horretarako, deitu 943 08 52 90 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat gizarte@legorreta.eus epostara.













